Omar Grana, Balarrasa taldekoa: "Zortzi abestiko diskoa da, rock and roll purua"

Julen Iriondo 2020ko api. 30a, 10:17

Taldearen izen bereko diskoa, lehenengoa, gertu dute. Abesti bat egin dute publiko oraingoz, eta pozik daude harrerarekin. Maiatz erdi aldera kaleratuko dute lan osoa.

Aramaioko bi lagunek –Gillen Mendikute da bestea–, Durangoko batek eta SantoÒan bizi diren bik osatzen dute taldea. Euren asmoak aldrebestu ditu azkenaldiko egoera bereziak: diskoaren amaiera luzatu, kontzertuak bertan behera geratu, udako bira asmoak zalantzan jarri... Ilusioz daude, dena den; are gehiago, Pisando fuerte abestiak izandako harrera eta gero.

Ze harrera izan du zuen lehenengo diskoko aurreneko kantuak?

Oso harrera eta kritika onak izan ditu. Jendeak ulertu du mezua, eta pozik gaude; ez genuen espero jendeak hainbesterako ongietorririk ematerik.

Zer komentatu dizuete, bada?

Emakume batek esan zidan, adibidez, asko harritu zuela gizon batzuek halako mezu feminista emateak. Izan ere, kantuan kontatzen da emakume baten istorioa, zein ez dagoen ados rolak jarraitzearekin, eta doa pisando fuerte denaren kontra.

Harrera on honen ostean, gainerako kantuak eta diskoa noiz daukazue plazaratzeko asmoa, eta nola?

Gure asmoa zen diskoa apirilaren 4an aurkeztea, Aramaioko Gazte Egunean. Koronabirusaren kontu honekin dena atzeratu da. Orduan, fisikoki ez dakigu noiz aurkeztuko dugun, baina Spotify-n eta plataforma digitaletan maiatzaren 15ean egongo dela kalkulatzen dugu.

Nolako diskoa da?

Zortzi abesti dira, eta denak dira rock and roll purua, horrelaxe. Hor barruan, estilo desberdinak daude: 60ko hamarkadako rock and roll klasikotik, 80ko eta 90eko hamarkadetako hard rockera arte. Transmititu nahi izan dugu rock and rolleko gure bidea, ze prozesu jarraitu dugun eta ze musika estilo entzun ditugun. Letretan, egiten dugu kritika soziala, kontatzen ditugu esperientzia pertsonalak... denetik dago, eta gure iritzia ematen dugu hainbat gauzari buruz.

Plataformetan egongo da maiatzean, baina salgai ere jarriko duzue.

Bai, guk inbertsioa egin dugu gutxieneko kalitateko disko bat ateratzeko, eta diru hori berreskuratzeko eta taldeak aurrera egin ahal izateko saldu egin behar dugu, bai. Prezioa ez dugu pentsatu, baina ez da izango oso garestia, ze ez dugu sinisten 15 euroko CDetan.

Nola banatuko duzuen, non... erabakitzeke, pentsatzen dut.

Zerbait hitz egin dugu, gauza desberdinak planteatzen ari gara. Konfinamenduan gaude, eta ez dakigu noiz arte iraungo duen honek. Ikusi beharko litzateke zein den kopien prezioa, eta ondo ateratzen bazaigu, bidalketa gastuak-eta ikusita, izan liteke geuk bidaltzea jendeari, aukera desberdinak daude.

Grabaketa prozesua nola izan zen? Egoera berezi honek eragin zizuen?

Oso kaotikoa izan da. Urrian hasi ginen, izugarrizko gogoarekin, ze bi urte ari ginen honi itxaroten: prozesu honetan sartzen zarenean dena perfekzionatu behar duzu, ongi entseatuta joan behar duzu... Grabaketa ondo joan zen. Baina nahasketak egiterakoan, tartean egon ziren Gabonak; bestetik, grabaketa batzuk gaizki zeuden eta berriz grabatu behar izan dugu; gero, iritsi zen COVID-19 famatua, eta dena nahastu zuen: otsailerako egon behar zuen CD-ak, eta pila bat luzatu da, eta apirilean bukatu dugu. Buru-jan handia izan da, bidaia asko... ze nire taldekide bi SantoÒan bizi dira.

Nola iritsi zinen zu taldera?

Taldeko kide arrasatearra –utzi berri du– laguna nuen, institutuan batera ari ginen, eta hitz egiten zidan bere taldeari buruz. Esaten zidan abeslariarekin ez zeudela pozik, eta nik iradokitzen nion gustura joango nintzatekeela eurekin. Entsegu batera joan nintzen, kontzertu batera gonbidatu ninduten... eta horrela hasi nintzen, duela lau urte. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak