Bihar irekiko dute errenta aitorpena modu telematikoan aurkezteko epea

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko api. 14a, 10:50

Errenta aitorpena egiteko Bergaran dagoen bulegoa

Foru Ogasunak mekanismoak jarri ditu errenta telematikoa aurkeztea errazteko. Prest dago jada B@k kodea lortzeko prozedura telematikoa, eta beste pertsona bati ordezkaritza emateko mekanismoa gaurtik egongo da gertu.

COVID-19 gaitzak eragin duen alarma eta konfinamendu egoera dela-eta, beharrezkoa izan da errentaren modalitate mekanizatua edo aurrez aurrekoa -Ogasuneko bulegoetan egiten dena- atzeratzea agertokia normaltzen den arte. Hala, Foru Ogasunak aitorpenak internet bidez aurkezteko gomendatu die kaltetuei.

Bihartik, apirilak 15, aurrera, egin ahal izango dira errenta aitorpenak telematikoki. Zergabidea online plataformara sartuta egin ahal izango dute hori. Atari honetan sartzeko beharrezkoa da ziurtagiri elektronikoa edota B@kQ edo BAK kodeak erabiltzea. Behin barruan, Ogasunak duen informazio fiskala jaitsi ahal izango du zergadunak, falta diren datuak txertatu eta plataforma horren bidez  bere aitorpena aurkeztu. Gainera, aurreko urteko zerga aitorpena inportatzea ere ahalbidetzen du eta, autolikidazio proposamena jaso dutenen kasuan, hau aldatu eta onartzea.

BAK kodea nola lortu

Zergabideara sartzea errazteko, Ogasunak B@k kodea eskuratzeko modu guztiz telematikoa aktibatu du, eta honi esker erabiltzaileak edozein tramite egin ahal izango du plataforman. Pasahitza lortzeko online galdetegi bat prestatu dute. Bertan kontraste datua eskatuko da, aplikazioan sartu beharko dena alta emateko. Kontraste datua zergadunak bakarrik ezagutzen duen informazioa da, eta azken lau urtetan Gipuzkoan aurkeztutako errenta aitorpenen emaitza da.

Behin kontraste datua sartuta, eskatzaileak posta elektronikoa jasoko du kode batekin eta IZENPEko web helbide batekin. Bertan kodea sartu beharko du, eta tramitazioarekin jarraitu. Prozesua osatzen duenean, identifikazio medio bat eskuratuko du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoko zerbitzu guztietara sarbidea emango diona, Ogasuneko departamentuak Zergabidea plataformaren bidez ematen dituenak barne. BAK kode hori alarma egoera amaitu eta 15 egunera iraungi egingo da, eta bere funtzionamendu eta utilitateak B@kQ kodearen ia berdinak dira.

Beste pertsona bati ordezkaritza emateko

Aldi berean, Gipuzkoako foru Ogasunak prozedura telematikoa jarri du martxan zergadunak beste pertsona bati bera ordezkatzeko baimena emateko, bigarren honek bere 2019ko Errenta aitorpena aurkeztu dezan. Gaur, apirilaren 14, egongo da erabilgarri mekanismo hori, Aldundiaren egoitza elektronikoan. Sistema berri honek ez du behar inon bertaratzea, ez eta ordeztuaren eta ordezkariaren arteko kontaktu fisikorik. BAK kodea eskuratzeko prozeduran bezala, hemen ere kontraste datu bat txertatu beharko da alta ematerako orduan horretarako sortutako aplikazio informatikoan. Datu hori zergadunak azken lau urtetan Gipuzkoan aurkeztu duen azkeneko errenta aitorpenaren emaitza da, itzultzera edo ordaintzera. Modu honen bidez emandako ordezkaritzak aldi baterako bakarrik izango dira.

BAK kodea lortu eta aitorpena aurkezteko beste pertsona bati ordezkaritza emateko prozeduretan eskatzen diren kontraste datuak eskuratzeari dagokionean, zergadunak dagokion urteko zerga aitorpena kontsultatu dezake, edota bere kontu korronteko mugimenduetan begiratu. Beste aukera bat da zerga informazio hau 943 11 30 00 doako telefonoan eskatzea, edota Ogasuneko web orrian. Informazioa eskatu ostean zergadunak jakinarazpenak jasotzeko Ogasunari adierazi dion helbidean jasoko ditu, posta orokor bidez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak