COVID-19a dela-eta egoera oso zaila bizi izaten ari dira Madrilen; ez da erraza Euskal Herrikoa ere, zer esanik ez Arabakoa, baina, gutxien-gutxienik, etxekoen gertutasunez ari da Maria Izaga sasoi berezi hau igarotzen.
Konfinamendu agindua indarrean sartu aurretik, Galdegazte saioan izan zen abeslari aramaioarra, eta bertan eman zuen bere ibileren berri. Lehenengo urtea du Madrilen, Goi Mailako Kantu Eskolan gradua egiten –lau urte dira–; Gasteizko kontserbatorioan sei urteko gradu profesionala egin eta gero iritsi da bertara: "Zenbat eta gehiago jakin teknikari buruz edo abesteari buruz, orduan eta zorrotzagoa izan behar duzu zeure buruarekin; ze, ikusten baduzu egin dezakezula, zure buruari exijitzen badiozu, apur bat urrunago iritsiko zara. Nik horrela funtzionatzen dut, apur bat gehiago eskatzen diot nire buruari, urrunago iristeko, eta gehiago ikasteko, azken finean".
Izagak dio Madrilen gustura dagoela, eskolan oso gustura, klasekideekin-eta oso ondo konpontzen dela; kantu klasikoa ari da lantzen han, baina ez dio ezeri muzinik egiten: "Klasikoan ikasten nabilen gauzek modernokoek beste laguntzen didate, eta modernoak eman dizkit gauza batzuk oraingo urtera arte ez nintzela kontziente klasikoan aplikatu zitezkeela. Oso argi dudana da abestea gustatzen zaidala, berdin dit zer, berdin dit non, baina abestea, eta ikastea. Orain, klasikoa ari naiz ikasten, baina ez dut baztertzen gero modernoko gradu baten sartzea".
Behin ikasketak amaituta, gustatuko litzaioke aukera edukitzea ikasitakoa "proban jartzeko, antzoki batean", eta ikusteko nola "funtzionatzen" duen: "Ez dakit balioko dudan. Agian, igoko naiz agertoki batera, opera bat edo kontzertu bat egin, eta ikusiko dut ez dela niretzako; baina, behintzat, probatu egin nahiko nuke".