Aramaioko Udalak hainbat neurri hartu ditu koronabirusa dela-eta

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko mar. 12a, 13:00

Aramaioko kiroldegia (Artxiboko irudia)

Osasun Sailak emandako gomendioak jarraituz eta eskolak bertan behera gelditu direla ikusirik, Aramaioko Udalak hainbat neurri hartu ditu koronabirusa gehiago ez zabaltzeko. Besteak beste, Kultur Etxea, kiroldegia, jubilatuen etxea eta gazte lokala ixtea erabaki dute. 

Aramaioko Udalak prebentziorako hainbat neurri hartu ditu:

  • Kultur etxea eta kiroldegia: Itxita geratzen dira eta bertan egiten diren ekintza guztiak ere bertan behera geratzen dira martxoaren 23a arte. Martxoaren 23an osasun sailaren gomendioen arabera jakinaraziko da irekiko diren edo ez eta noiz eta nola.
  • Jubilatuen etxea eta gazte lokala: kultur etxeko lokalak izateaz aparte, jendea biltzen den lekuak diren heinean, 23 arte ere itxita egongo dira.
  • Eguneko zentroa: Arabako Foru Aldundiarekin koordinatzen ari gara zentroaren kudeaketa eta momentuz zabalik mantentzen da baina neurri bereziekin. Kanpoko bisitarik ez da onartzen, anbulantzia egunero desinfektatzen da eta bertako langileek formazioa jaso dute edozein kasuren aurrean zer egin jakiteko.
  • Sastiñako hilerokoaren erakusketa: Itur-zurikoekin neurriak hartu dira igande arte zabalik mantentzeko erakusketa. Barrura sartzen diren pertsona kopurua mugatua izango da.
  • Feminismo negro hitzaldia (martxoak 13): atzeratzen da birusaren egoera hobetu artean.
  • BTT froga (martxoak 15): igandean jokatu behar zen urteroko froga bertan behera geratzen da, Arabako Foru Aldundiak kirol froga guztiak bertan behera uzteko gomendioa egiten du eta.

Gainontzean, honakoa eskatu die Udalak herritarrei: "Osasun Sailaren gomendioak jarraitzea eskatzen da, zentzunaren barruan, taldekatze handiak, batez ere leku itxietan ekidin eta edozein sintomaren aurrean etxean geratu eta 900203050 telefonora deitu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak