Martxoaren 8a dela-eta, hilekoari buruzko mostra

Julen Iriondo 2020ko mar. 3a, 10:26

Hilekoaren odolarekin Zanele Muholik egindako artelana.

Herriko talde feministaren, Itur-Zuri Emakume Elkartearen eta udalaren ekimenez, ekintzaz betetako egitaraua antolatu dute hamar egunerako, nazioarteko eguna bera erdian hartuta. Feminismo beltza-ri buruzko saioa ere izango da, esate baterako.

Pelikula baten emanaldiarekin hasiko da Aramaion Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta antolatu duten egitaraua: eguenean izango da, hilak 5, eta Figuras ocultas emango dute kultura etxean, 18:30ean –aurretik, 18:00etan, kafe-tertulia egingo dute–. Martxoaren 8a dela-eta antolatu duten zikloak, baina, beste bi saio ere izango ditu: Viaje al cuerpo de una madre emango dute hilaren 7an, 21:00etan; Carmen y Lola, berriz, hilaren 15ean, 19:00etan –azken biak, Ikusiz Gozatu elkartearen eskutik; lehena, Itur-Zuriren eskutik–. 16 urtetik gorakoentzat dira film denak.

Itur-Zurik antolatzen duen urteroko bazkaria, bestalde, martxoaren 7an izango da. Añai tabernan egingo dute, eta izena emateko azken eguna eguena izango da. 645 70 39 42 edo 685 72 75 38 zenbakietara deituta egin daiteke, edo iturzuri@gmail.com helbidean –25 euro–.

Martxoaren 8rako, berriz, askotarikoak antolatu dituzte: elkarretaratzea egingo dute 12:00etan plazan, eta Lagun Artean taldekoek dantza emanaldia gero, iturri-poteoarekin jarraitzeko –iaz kontsumo greba ere bazela-eta egindako ekimena errepikatuko dute–, musika lagun –ipuin kontaketa, zuzeneko kontzerturen bat... ere izango dira–; 14:30ean bazkaria egingo dute eskolan, jatekoa eta mahai-tresnak norberak eramanda –platerak, edalontziak eta edaria han egongo dira–, eta kafea, bingoa –sariekin–, musika –zu-zenekoa– eta tertulia, bazkalostean; 18:30ean, azkenik, manifestazioa egingo dute, kultura etxetik plazara.

Hilekoa, arte bidez

Martxoaren 10etik 15era erakusketa berezia egongo da ikusgai Sastiñan –10:30etik 12:00etara, lehen bi egunetan; 18:00etatik 20:00etara, erdikoetan; eta 12:00etatik 14:00etara, azken bietan–. Hilekoa gorria ote du izenburua, eta hainbat arte di-ziplinaren bidez gerturatzen da askorentzat oraindik tabu den horretara; bertako zein nazioarteko artisten lanak jasotzen ditu erakusketak: Myriam Negreren zeramika, Lola Vendettaren komikia, Zanele Muholik odolarekin margotutako lanak, argazkiak, akuarelak, eskultura... Edurne Kortabarria aramaioarraren ilustrazio digital bat ere izango da erakusketan. Azken egunean, gainera, bisita gidatua egingo du 12:00etan Ainhoa Aldazabal dinamizatzaileak.

Azkenik, martxoaren 13an, feminismo beltza-ri buruzko saioa izango da, 18:30ean, kultura etxean, Manuel Iradier elkarte Afrika-zalearen eskutik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak