Bi egunez aritzen dira herriko kultur taldeak santa-eskean: Santa Ageda egun aurreko zapatuan, eta osteko zapatuan ere. Aurrekoan, herrigunetik hasi eta Zalgo eta Eguzkierripa auzoetarantz joaten dira. Ostekoan, aldiz, gainontzeko auzoetan aritzen dira, auzoka, talde txikiagotan banatuta. Santa Ageda egunean, ordea, Eskolako haurrak dira kantuan aritzen direnak, auzo batetik bestera.
Gaurkoan, beraz, herrigunetik abiatu dira. Herriko Plazan egin duten hitzordua 09:30ean, eta bi taldetan banatu dira, Zalgorantz eta Eguzkierriparantz abiatzeko. Zalgorantz joan direnek, ibilbide hau egin dute: Zalgo, Errotabarri, Basauti, Arraga, eta Arraburu. "Behin ibilbidea eginda, Iturrieta sagardotegian batuko gara bi taldeak, bazkari eder bat egiteko" azaldu du Bixente Goikoetxea abesbatzako Bittor Kortabarriak.
Herri txiki izateak baditu ahulgunean eta indarguneak, eta Aramaioren indarguneetako bat, ezbairik gabe, bertako kultur taldeen artean dagoen elkarlana da. Aurten seigarren aldiz aritu dira bertsolariak, abeslariak eta trikitilariak batera, eta baserriz baserri giro paregabea jartzea lortu dute:
"Gaurkoa bada elkarlan horren adibide. Santa-eskearena urte luzez abesbatzakoek egin duten zerbait izan da. Baina duela sei urte ikusi genuen, ohitura mantentze aldera, lagungarri izango zela jende berria eta haize freskoa sartzea. Hori dela eta, bertso eta trikitia eskolakoak batu ginen, eta parte hartze maila handia duen zerbait bihurtu da" azaldu du trikitia eskolako Ainhoa Ullibarriaranak.
Kiroldegia pasatu eta Zalgorako aldapa igotzen hasterakoan, bat baino gehiago oroitu da iazko egunez leku horretan jausi zitzaien txingor-jasaz. Aurten, ordea, eguzkia eta tenperatura paregabeak eduki dituzte; nork daki, iazkoa konpentsatzeko, akaso. "Gaurkoan egunaz gozatzeko aukera ederra daukagu. Nik, behintzat, ez dut halako eguraldi onik ezagutu azken sei urteetan. Gogoratzen dut, gainera, iaz txingor zaparrada sufritzea tokatu zitzaigula, beraz... ez dugu sinisten gaur eduki dugun zorte ona!".