Sastiñan egindako solasaldian era argigarrian azaldu zuen egoera Mari Carmen Garridok, Aramaion baino lehen eskolak, 20 urtez, Barakaldon emandakoak: "Hona etorri, eta niretzat magia zen: 'Euskaraz egiten dute ume denek'. Ametsik onenetan ere ez nuen pentsatuko halako gela bat edukiko nuenik. Lehen, denboraren %70 bideratzen nuen euskara bul-tzatzera, eta, edukietara, geratzen zena. Hona heldu, eta denak euskaldunak. Zoragarria. Eta ia guraso guztiekin egin nezakeen euskaraz, gainera". Baina Garridok zioen halako batean ohartu zela umeei baietz baina guraso askok elkarri ez diotela euskaraz egiten: "Hasi nintzen galdetzen gurasoek zelan egiten zuten etxean, eta hamazazpi ikasletik lauren gurasoek baino ez zuten euskaraz egiten".
Txirritolako Oihana Ameskuak zioen "kontzientzia galtze" bat sumatzen duela: "Normalizaziora ez gara iritsi, baina, batzuetan, badago halako berniz moduko bat, beharbada, zorionez, eskolatik jaso dugulako, badi-tugulako hedabideak euskaraz... Beraz, pentsa liteke botere harreman hori orekatu egin dela? Bada, ez, ez da horrela".
Eragin orokorretatik ez dago salbu euskara, ezta Aramaion ere. Eta umeek etxean ikusten dutena ere beste gauza bat bada...: "Gurasoek euren artean egiten dutena inportanteagotzat jotzen dute beraiekin egiten dutena baino. Beraz, zein da hizkuntzarik politena, erakargarriena, jaso behar dena? Gaztelera, gurasoek egiten dutena eta, gainera, Disneyren telebista katean egiten dutena", zioen Garridok.
Honen aurrean, ereduen ga-rrantzia nabarmendu zuten Sastiñan, adibidez, Peru Abarrategik, gazte moduan, zioenez, jakin badakitelako ume askorentzat erreferente direla; edo areto futboleko taldeko kide moduan: "Guk eskatuta hainbeste jende badatorkigu ikustera, eredu izan behar dugu".
'Bainak' jartzeko saioa
Txema Abarrategi moderatzaileak hitz-joko aproposa erabili zuen solasaldiaren sarrerakoan gaia testuinguruan jartzeko: "Orain dela gutxi, ekitalditxo bat egin genuen arnasa garela aldarrikatuz; gehiena ospakizuna izan zen, baina gaur gatoz bainak jartzera. Arnasa gara, baina, batzuetan, arnasestutik ere badugu, agian".