Bost bazkarietako txartel guztiak agortuta daude

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko urt. 17a, 17:00

Eli Pagola, Unai Iturriaga eta Xabi Igoa, iaz Barañainen egin zuten Bertso Egunean. Argazkia: Xenpelar Dokumentazio Zentroa

12:30ean, guztiontzako zabalik dagoen ibilaldia egingo dute herrian zehar, Amillena elkarteak eta bertsolariek gidatuta; bazkarien ostean, Urolako trikitilarien kalejira izango da Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen 51. Bertso Eguna borobiltzeko.

Harriduraz baina pozik jaso zuten bertso-eskolakoek Bertso Eguna herrian egiteko proposamena; honela adierazi du Andere Arriolabengoa Aramaioko bertso-eskolako kideak: "Ez genuen espero herrian halakorik egitea, eta gure eskolarentzako oso pozgarria da. Hasieran, beldurtu egin ginen erantzukizunarekin, baina aitortu behar dut Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak izan duela antolatzen pisu handiena. Urteetako eskarmentua du halakoak antolatzen".

Aramaion, 51. aldia

Urteroko jaia ibiltari egitea erabaki zuen elkarteak orain dela bi urte, eta hala egin zuten Mungian (Bizkaian) lehenengoa eta iaz Barañainen (Nafarroa); ordura artekoak Donostian egin zituzten. "Bertsozale Elkarteak lurralde guztian eragiten du eta horregatik erabaki zen Bertso Eguna Donostiatik harago antolatzea eta izaera ibiltaria ematea jaialdiari. Bertsoaren bueltan ospakizun bat egitea da Bertso Egunaren helburua; hau da, tokian tokiko bertsogintzari aitorpena egin eta zaletasuna sustatzea bertsoarekin gozatuz. Oraindik ez dago guztiz finkatuta, baina datorren urtekoa Ipar Euskal Herrian egitea egokituko litzateke", dio Euskal Herriko Bertsozale elkarteak.

Bertso-saio irekiak ere bai

Lau bertso-bazkari ziren hasiera baten egitekoak, baina txartelak segituan agortu, eta bosgarrena antolatu zuten eskolako jangelan, eta txartel horiek ere segituan saldu zituzten; hori horrela, 250 lagunetik gora elkartuko dira biharko bazkarietan. Herrian ere ilusioa sumatzen dela dio Arriolabengoak: "Bazkaltzeko txartela erosi dute askok; orokorrean, jendea pozik sumatzen dugu Euskal Herri mailako ekitaldi garrantzitsua herrian egiteagatik".

EUSKAL HERRIKO BERTSOLARIEN ETA BERTSOZALEEN TOPAGUNE IZANGO DA BIHAR ARAMAIO

Punta-puntako bertsolariak izango dira bazkarietan, jatorri, adin eta profil ezberdinetakoak: Nerea Elustondo eta Unai Iturriaga, Ehiztari txokoan; Eneko Lazkoz eta Miren Artetxe, Izarra elkartean; Onintza Enbeita eta Sebastian Lizaso, Uribarriko elkartean; Ane Labaka eta Iñaki Viñaspre, Zabolako elkartean; eta Jone Uria eta Beñat Gaztelumendi, eskolako jangelan. Eta ez dira nolanahikoak ere eguerdiko bisita gidatuan parte hartuko dutenak: Andoni Egaña, Ane Zuazubiskar, Irati Majuelo, Jokin Uranga, Martin Abarrategi, Amaia Iturriotz, Oihana Iguaran, Sustrai Colina eta Xabi Igoa. "Bizente Goikoetxea plazatik abiatuko gara 12:30ean eta bi geldiune izango ditu: elizpean eta parkean. Aukera polita izango da Aramaioko historia eta bitxikeriak bertsolarien bitartez jasotzeko. Gune bakoitzean hiru bertsolarik kantatuko dute".

Araban, 33 bertso-eskola

Biharko eguna goizago hasiko da Arabako bertsozaleentzako; izan ere, urteko batzarra egingo dutela azaldu du Arabako Bertsozale Elkarteko kide Uxue Diaz de Ceriok: "2019aren balorazioa eta 2020ra begira ditugun asmoak azalduko dizkiegu irakasleei eta elkarteko langileei. Azken urteetatik hona elkartearen proiektuak, orokorrean, hazi egin dira. Askotarikoak egin ditugu iaz; besteak beste: haur eta gaztetxoekin hiru egonaldi; 150 bertsosaio; gazteendako sariketa eta topaketak; Arabako Bertsolari Txapelketa; Araba eta Gasteiz Bertsozale egitasmoak; Altxa Kopla Hori eta Bertxoko izenekoak...".

Gaur egun Araban 33 bertso-eskola daudela azaldu du Diaz de Ceriok: "26 eskolatan irakasleek gidatzen dituzte lan-jardun edo saioak, eta autonomoak dira gainontzekoak; 206 partaide dira, denera, eta, horrez gainera, ikastetxe askotan ere irakasten dute bertsogintza, iaz, esaterako, 3.500 ikaslek jaso zituzten eskolak".

Bertso Kuadrilla Artekoa

Batzar orokorraren aurretik, baina, VI. Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketa aurkeztuko dute Aramaioko udaletxean, 09:15ean hasita. Parte hartuko duten taldeetako eta elkarteko ordezkariak izango dira aurkezpenean, sariketa berriko saioen datak eta tokiak azaltzeko.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak