Herriko lau elkartetan ziren egitekoak, hasiera batean, bertso bazkariak, aldi berean, hurrengo zapatuko Bertso Egunaren barruan. Euskal Herrian bertsolaritzaren urteroko zita nagusietakoa denaren 2020ko edizioak ere, baina, sortu du zaleen interesa, eta Bertsozale Elkarteak bosgarren bazkari bat antolatzea erabaki du. 65 lagunentzako izango da gehienez, eta eskolako jangelan egingo dute. 20 euroan egongo dira txartelak, hilaren 12ra arte.
Elkarteak bosgarren bertso bazkaria iragartzeko unean, Izarra elkarteko, Uribarriko eta Ehiztari Txokoko txartelak agortuta zeuden, eta txartel gutxi batzuk geratzen ziren Zabolako saiorako –Ane Labaka eta Iñaki Viñaspre dira bertan bertsotan aritzekoak–.
Uria eta Gaztelumendi
Antolatu duten bosgarren bertso bazkarian Jone Uria eta Beñat Gaztelumendi ariko dira bertsotan. Zabolako saiorako zein eskolako jangelakorako sarrerak www.bertsosarrerak.eus helbidean eskura daitezke.