Bertsolariak lau elkartetan banatuko dira bazkaltzeko: Nerea Elustondo eta Unai Iturriaga, Ehiztari txokoan; Eneko Lazkoz eta Miren Artetxe, Izarra elkartean; Onintza Enbeita eta Sebastian Lizaso, Uribarriko elkartean; eta Ane Labaka eta Iñaki Viñaspre, Zabolako elkartean.
Bertso bazkarien aurretik (12:30) bertso ibilbide gidatua egingo dute Aramaioko kaleetan. Gidari lanetan jardungo dute honako bertsolariek: Andoni Egaña, Ane Zuazubiskar, Irati Majuelo, Jokin Uranga, Martin Abarrategi, Oihana Bartra, Oihana Iguaran, Sustrai Colina eta Xabi Igoa.
Ondoren, 14:30ak bueltan, bazkaltzera joko dute aukeratutako lekuetara; Uribarriko eta Zabolako elkarteetara joateko autobusa jarriko dute, goizeko saioa amaitzen den lekutik –Uribarrira, 14:30ean eta Zabolara, 14:45ean-.
Jai giroak jarraitu egingo duela arratsalde partean iragarri dute antolatzaileek, Urola erdiko trikitilariak etorriko direlako 19:00etan. Gainera, lo egiten geratu gura duenari tokia eskainiko diote, eskaera egonez gero. Horretarako izena eman behar da, urtarrilaren 10a baino lehen, Bertsozale webgunean.
Bertsozale Elkarteak, Aramaioko Udalaren eta Aramaioko Bertso Eskolaren laguntzaz gain, beste elkarte batzuen laguntza ere izan du, bazkariak gertatuko dituzten elkarteenak eta Amillena eta Iparra-Hegoa elkarteena, esaterako.