Basurdeek eragindako kalteagatik kezkatuta

Julen Iriondo 2019ko abe. 2a, 11:36
Garratze baserriko lurretan basurdeek eragindako kalteetako batzuk.

Gogor ari dira jotzen zenbait auzotan, eta lur jabe batzuek erakundeetara jo dute kexu. Gantzagako Ruben Gartziak, adibidez, kalte-ordainak eta basurde populazioa kontrolatzeko neurriak eskatzen ditu; erraz ez dagoela diote Udalak eta ehiztariek.

"Zelai guztiak zeharo txikituta ditugu, ez dut behorrak nora eraman". Gantzagako Garratze baserriko Ruben Gartziaren berbak dira, haserre eta inpo-tentzia berbak. Urteak dira basurdeekin arazoak dituztela; 2011n hasi ziren "fuerte", baina dio aurten eta aurreko urtean "jasanezina" bihurtu dela egoera. Basurdeek beldurrik ere ez dutela dagoeneko: "Egunez ere ikusi ditut nik, sei metrora eduki nuen bat neure ondoan".

Gartziak dio 2.000 eurotik go-rako "aberia" duela bere lurretan: "Ez digute ezer ordaintzen kal-teengatik. Traktorea hartu behar dugu, konpondu, belar hazia erosi –eta benetan da garestia!–... Eta, gainera, ematen diguten irtenbidea da korrontedun hesiak jartzea; nik esan nien: 'Nik ezin ditut hiru hektarea korrontedun hesiarekin itxi neure poltsikotik, eta gainetik kalteak ordaindu".

Aldundikoekin lauzpabost aldiz egon da: "Diputaziokoei ere esan nien: 'Gero nahi duzue gazteak anima daitezen lehen sektorean jarraitzera. Bada, horrela, gauden apurrak aldenduko gaituzue'. Behorrak kendu eta popatik hartzera dena!".

Kalte-ordainak eskatzen ditu Gartziak, eta basurde populazioa txikitzeko neurriak ere bai; dio esan diotela animaliak Parke Naturaletik datozela, eta horrek dakar, besteak beste, baimen bereziak behar direla uxaldiak –batidak– egiteko, ez dela bes-tela bezain erraza halakorik egitea. Berak, ordea, dio asko bai, baina basurde guztiak ez direla parketik etortzen, eta ehiztariei eskatzen die uxaldiak egin ditzaten basurdeak kalteak sortzen ari diren lekuetan –hainbat auzotan ari dira basurdeak–. Berak eta beste zenbait lur jabek Udalean ere sartu dute idatzia, egoeragatik kexu.

Udala eta ehiztariak

Mendietako zinegotzi Santi Balantzategik dio ulertzen duela baserritarren haserrea; kalteak ikustera joatekoa zela asteon, Aldundiarekin eta Parke Naturaleko ordezkariekin, batetik, eta baserritarrekin eta ehiztariekin, bestetik, bilera egin nahi lukeela, baina arazoak ez duela irtenbide errazik: "Basurdea da animalia bat jaberik ez duena, eta libre dabilena". Baina, nolabait, baserritarrak "babestu" nahi lituzketela dio.

Oilogor elkarteko presidente Koldo Jauregik, berriz, dio ehiztariek "ahalegin guztiak" egiten dituztela basurdeen aurka, Parke Naturalagatik dituzten mugak gogoraraziz, eta eguraldiak ere ez duela lagundu dio. Borondatez eta laguntzeko asmoz dihardutela dakar gogora.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak