Gaba Baltza Domu Santu bezperan, Aramaion ere bai aurten

Julen Iriondo 2019ko urr. 28a, 11:58

Kanpoko jaiak garai bateko bertako tradizioen lekua hartzen ari diren honetan, Topagunearen ekimenari jarraitu eta Domu Santu egun bezperarako egitaraua prestatu dute, elkarlanean, guraso elkarteak, txirritolak, eskolak eta dantza taldeak.

Halloween ospatzea gero eta zabalduago dago, eta, horren aurrean, bertako tradizioak indartzeko ekimena martxan du Euskaltzaleen Topaguneak; AEBetatik datorren ospakizuna bertako jaiengatik ordezkatzea da kontua, hortaz, are arrazoi gehiagoz Domu Santu egun bezperak bertakoak diren hainbat erritual izan dituenean, hemen ere, urteetan.

"Gurean ere badira kontakizunak, kalabazak edo arbiak hustu, aurpegi itxura eman, kandela txiki bat sartu eta bide bazterretan argiztatuta jartzen zirenekoak; gaua, beldurra, gozokiak, gauez lagunekin ateratzea, mozorroak... Gaztetxoenentzat erakargarritasun handia duten elementuak bateratzen dituzte jai hauek", diote Topagunetik.

Beraz, garai batekoak gaur egunera egokitu eta balio jakinak bultzatu nahi dituen festa proposamena da Gaba Baltza: "Bizipenak aldatu egin dira eta, honekin batera, jaiak eta tradizioak. Hauek iraungo badute, gaurkotasunera egokitzen direlako izango da; eta horrela ari da zabaltzen Gau Beltza Euskal Herrian. Proposatutako ospakizun ereduan garrantzia berezia hartu dute egiteko moduak eta landu nahi diren balioek: eus-kara, komunitatea, gazteen protagonismoa, naturarekiko harremana, berdintasuna, genero rolak apurtzea eta tokian tokiko ohitura eta aukerei egokitzea; horiek dira Euskaltzaleen Topagunetik landu nahi izan diren balio eta ezaugarrietako batzuk".

Aramaion, Txirritolak eta guraso elkarteak heldu zioten, aurrena, Topaguneak proposatutako bideari, eta haiei eskola eta Lagun Artean dantza taldea batu zitzaizkien, hilaren 31rako egitaraua prestatzeko, Gaba Baltza lehenengoz ospatzeko.

Aramaioko egitaraua

17:00etan hasita, mozorro tailerra egingo dute kultura etxean; arropa zaharrak, izarak eta abarrekoak eraman beharko dira etxetik horretarako –Gaubeltza.eus webgunea eskura dago ideiak hartzeko–. Ondoren, kalea apainduko dute etxetik eramandako kalabazekin; Aramaioko baserri batetik 140 kalabaza jaso dituzte neska-mutikoek, eta etxean egingo dute haiek festarako egokitzeko egin beharrekoa.

18:30ean, egunarekin lotutako ipuin kontaketa saioa egingo du Aitor Vinagret gasteiztarrak, kultura etxean. Handik plazara kalejira egingo dute 19:15ean, eta dantza saioa egingo du bertan Lagun Artean taldeak. Bukatzeko, edabe magikoa banatuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak