Kopla txapelketa, iazko arrakasta errepikatzera

Julen Iriondo 2019ko urr. 11a, 10:14
Iazko kopla txapelketaren bueltan jardun zuten lagunak.

Jendeak lehen edizioari egindako harreraren eta herrian eta Iturrieta sagardotegiko finalean sortutako giroaren ondotik, hurrengo barikuan egingo dute bigarrenez. Aramaioko bertsolariak eta Euskal Herriko beste hainbat tokitakoak ariko dira lehian.

Langa oso goian jarri zuen Aramaioko Kopla Txapelketaren lehen edizioak: "Izugarrizko giroa egon zen iaz Iturrietako finalean, eta nahikoa lan izango da hori errepikatzen, baita geure aldetik ere. Bestetik, iaz eragin handia izan zuen herrian: zenbat jende egon zen plazan entzuten! Oraindik ez dut sinisten, hainbeste jende bertsoak entzuten, errespetuz, isilik, umeak, helduak, normalean erdaraz jarduten duten poteatzaileak ere entzuten zeuden. Hori lortzen badugu...", dio bertso eskolako Xabi Igoak.

Aramaioko eta herri mugakideetako bertsolariek hartu zuten parte txapelketaren lehen edizioan –azkenean irabazle suertatu zen Maider Arregi oñatiarra izan zen salbuespena–, eta oraingoan, berriz, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetakoak izango dira etxekoekin batera ariko direnak; Andere Arriolabengoa, Aitor Ugarte eta Martin Abarrategi aramaioarrak eta Oihana Arana –eskoriatzarra–, Aroa Arrizubieta, Bittor Altube, Paule Loizaga, Xabat Illarregi, Malen Amenabar, Oihane Perea, Asier Galarza eta Aratz Igartzabal izango dira parte hartzen, iazko txapeldunarekin eta buruz burukoan harekin jardun zuen Jokin Labaien arrasatearrarekin batera: "Bertso eskolako kideon lagunak edo bertso eskolarekin harremanen bat izan duten jendea dira; saiatu gara genero aldetik parekide izan zedin, eta adinari dagokionez ere aniztasuna izaten". Faborito argirik gabeko txapelketa izango da, Igoaren arabera: "Ez nuke jakingo esaten nor den faborito, bertsokera desberdinak dira, baina, aldi berean, oso erakargarriak denak, sorpresak egongo direla seguru".

Txapelketaren egitura iazko bera izango da. Kalean jokatuko dira bi finalerdiak: 18:30ean hasita Goiko Taberna aurrean jardungo dute hiru bikotek, eta 19:30ean plazan beste lauek; ofiziotan jardungo dute –bikoteko, bakarra–, eta epaileek erabakiko dute bietako zein pasatzen den finalera. Finalerako zortzigarren txartela galtzaileen arteko onenak eskuratuko du.

Finala Iturrieta sagardotegian izango da, afari bueltan –20 euro; astelehena izango da izena emateko azken eguna: 688 627 089 (Xabi)–. Bertsolari bakoitzak bi ofiziotan jardungo du bertan, eta bi onenak buruz burukora pasako dira: buruz burukoan, gaiarekin eta librean jardun ostean, kartzelakoa izango da azken ariketa, bakarka. Musikariek lagunduta egingo dira saio guztiak eta finalean publikoa izango da epaile.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak