Mendiko inspirazioarekin kontakizuna osatzera

Julen Iriondo 2019ko ira. 30a, 10:37
Argazkia: Basotxerri

Idazketa eta mendizaletasuna lotuta, ekimen polita martxan jartzekoa da Txirritola. Aramaio inguruko bost tontorretan koaderno bat utziko dute, eta kontakizun baten hasiera idatzita. Mendizaleek kontakizunari jarraipena ematea izango da kontua.

Ikasturte berriari ideia eta ekimen berriekin ekin dio Txirritola euskara elkarteak. Horietako bat da urri hasieratik azaro erdialdera abian izango den Hitzak mendietan izenekoa.

"Aramaio inguruko bost mendi tontorretan, Orixolen, Asension, Jarindon, Murugainen eta Teilamendin, bertako buzoietan, koaderno txiki bat utziko dugu, boligrafo batekin, eta koaderno bakoitzean istorio baten hasiera egongo da idatzita. Beraz, asmoa da denbora horretan igotzen diren mendizaleek, buzoian begiratu eta koadernoa topatzen dutenean, istorio horri jarraipena ematea", dio Txirritolako Oihana Ameskuak.

Hilabete eta erdi ondoren, hortaz, ekimenaren emaitza ezagutzeko aukera egongo da: "Koadernoak batuko ditugu eta ea ze sorkuntza edo lan kolektibo eraikitzea lortzen dugun".

Euskal Herrian mende inguruko tradizioa dute mendiko buzoiek; lehenagotik darabiltzaten beste herrialde batzuetatik ekarritako joera da hara igo izana egiaztatzeko tontorretan buzoiak jartzea. Garaitsu hartakoa, baita ere, Ehun mendien erronka, bost eta hamar urteko epean ehun tontor zapaltzea jartzen duena helmuga, mendizaletasuna handitzeko helburuarekin.

Azkenaldian, ordea, gero eta gutxiago erabiltzen dira buzoiok; oso gutxi, gaur egun, eta beste erabilpen bat ematea pentsatu dute Txirritolakoek. Bide batez, gehienongan hain hedatua ez dagoen beste ohitura bat ere bultzatu nahi dute: idaztearena, euskaraz idaztearena.

Euskaraz idazteko ohitura indartu nahian, aurrez ere egiten ditu ekimenak Txirritolak. Azken urteetan, esate baterako, ahalegin berezia egin dute urteroko ipuin lehiaketan helduen parte-hartzea handitzeko; egindako ahaleginak –sari erakargarriekin, besteak beste–, hala ere, ez du gura bezalako erantzunik izan. Ikusteke, formatu berritzaile honen bidez, jendea gehiago animatzen den idaztera.

"Ideiaren sorreran zera dago, mendia eta idazmena lotzeko gogoa. Iruditu zitzaigun buzoiak elementu erakargarria direla; beti jotzen dugu buzoia zabaltzera, baina oso gutxitan topatzen dugu idatzitako zerbait. Eta, hala ere, beti egiten dugun keinua da, ea buzoian zer dagoen". Oihana Ameskuaren esanetan, "sorpresa atsegina" izan daiteke buzoian koadernoa aurkitzea: "Eta mendiak sormenerako bideak zabaltzen dituenez beti, ea jendea animatzen den istorio horiei jarraipena ematera. Gero baloratuko dugu istorio horiek nola aurkeztu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak