Papargorri, egokitzen jakin izan duen korua

Julen Iriondo 2019ko ira. 23a, 12:01

Ikasturte berrian buru-belarri murgilduta dabil abesbatza. Larraitz Arriolabengoaren zuzendaritzapean, baina koru ikuskera bera duen taldetxoa du gidari, eta txikitatik ekimena eta konpromisoa erakusten duten abeslariak; 30 bat lagun dira, denera.

Arrakastatsua izan zen oso aurreko ikasturte amaieran, jai bezperatan, egindako musikala, meritu handikoa, beste behin, kontuan izanda taldeko kideen artean egiten dutela dena, hasi abestetik eta arropetaraino, adibidez. Eta datorren urteko jaietako ikuskizuna ere dagoeneko buruan, kideei taldeak sorrarazten dien ilusioa eta harekiko duten inplikazioaren adibide: "Udako oporretan etorri zaizkit ideia batzuk", dio Larraitz Arriolabengoak.

Arriolabengoak dio abesbatza ez dagoela "duela hamar urte" zegoen lekuan, eta lan egiteko moduak "desberdinak" direla; hamarkada hasieran hartu zuen zuzendaritza, eta abesbatzak jakin izan du gainditzen bere baitan bizi zituen zenbait eten: batetik, abesbatzaren ardura daraman taldetxoko kideek diote gaur egungo garaietara egokitu beharra zegoela, etena zegoelako ordura arteko koru ikuskera eta jarduteko moduaren eta gaurko joeren artean; adin etena, bestetik, bi talde zeudelako, umeena eta nagusiagoena, "lan egiteko, musika ulertzeko eta korua ulertzeko modu oso desberdinekin", ordurako nagusienen taldean zebilen Maria Izagaren esanetan.

"Umeek seigarren maila bukatzen zutenean, abesbatza utzi egiten zuten, eta nagusiek segi egiten zuten, baina segitzen zuten euren bidetik, eta ez zen inor berririk sartzen", dio Arriolabengoak. Bost urteko etena egon zitekeen talde batetik bestera; hala jarraituta, nagusien taldera jende berririk sartu ezean, handiagotu egingo zena, halabeharrez, abesbatzaren jarraipena bera ere zailduz: "Gure helburua da hau mantentzea; hau da guk jaso dugun zerbait, eta utzi behar duguna, eta, ahal bada, jaso genuena baino hobeto".

Dinamika berriarekin lortu dute jarraikortasuna egotea eskola garaia amaituta ere, denak sentitzea talde bereko kide – abestuz gehiagotan edo gutxiagotan parte hartuta ere, beste hainbat zeregin bai baitaude, entseguetan, ikuskizunetan...– eta ekimena, inplikazioa, konpromisoa eta halako balioak izatea taldekideen ezaugarri. Eta horren erakusle garbia da jaietan egin ohi duten musikala: "Oso aberasgarria da eta, nire ustez, asko indartu du taldea", dio Arriolabengoak; eta Izagak: "Badago adin jakin bat, urte bukaeran pentsatzen duzuna adin horretako kideek ez dutela jarraituko. Baina gauzak eta musikala talde moduan egiten ditugunetik, etortzen dira ikasturte amaieran eta: 'Zer, hurrengo urtean zer?'. 16 urteko neska batek hori esatea... ze, da adin kritikoa, lagunekin irteten hasten zarena, eta abesbatza ez zen gauza polit moduan ikusten. Hori aldatzea taldeak lortu du".

Eta jarraitzen du Izagak: "Koru baten egon ez denak ez daki zer den, estigma asko daude. Laguntasun mota bat lantzen da, harreman mota bat, beldur batzuk gainditzen...".

Eta adin jarraikortasun horrek ekarri du, baita ere, taldearen gidaritza moduan aldaketa gertatzea, eta Papargorrirekin garai batean beste abesteko aukerarik ez izan arren taldean jarraitzen duten nagusienak hor daude Larraitz Arriolabengoarekin batera; ezinbestekoa, zuzendariaren esanetan. 30 lagun inguruk osatzen dute abesbatza, eta bakoitzak du bere rola.

Gauza berriak eta desberdinak egin arren –hasiak dira, eta horrela segitzeko asmoa dute–, herritar guztiek gaur egungo Papargorri ezagutzen ez dutela uste dute taldeko kideek: "Jendeak duen ideia da orain dela 20 urteko abesbatza batena, baina orain gauza oso desberdinak egiten ditugu". Hori bai, Papargorri bizirik egotea lehengoen meritua ere badela argi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak