Munduko onena Aramaiokoa da

Julen Iriondo 2019ko ira. 6a, 15:22

Hilabete badu lorpenetik eta dagoeneko egindakoa barneratu duela dio Aitor Ugartek. Oroitzapenak, fresko: "Bigarren lasterketan helmugan sartu nintzenekoa, izugarrizko ilusioarekin, emozioarekin..."; momentu huraxe nabarmentzen du denen artean.

Abuztuaren 2tik 4ra jokatu zen gazteen Munduko Txapelketa mendi lasterketetan, Italian. Aitor Ugartek bigarren egin zuen kilometro bertikalean, eta emaitza errepikatu zuen iraupen proban; biak batuta, aramaioarra sailkapen buru: Munduko txapeldun!

Sierra Nevadatik Italiara

Uztailean Sierra Nevadan irabazitako Espainiako Txapelketak ireki zizkion Mundukorako ateak. Italian egoteko txartela zuen begiz jota denboraldi hasieratik, eta lortu zuen. Ordutik aurrerakoa esperientzia berri bezain ederra izan du.

Sierra Nevadara itzuli zen uztail erdialdera; kasu horretan, baina, Espainiako selekzioko gainerako kideekin batera, Goi Errendimenduko Zentrora, Munduko Txapelketa prestatzera: "Izugarrizko instalazioak dituzte, eta kirolari onenak daude han. Txundituta nengoen!".

"Oso ondo" zaindu zituzten; askotariko proba eta kontrolak, gimnasioa eta kanpoko entrenamenduak: "Hemezortzi neska-mutiko ginen. Giro ona izan genuen geure artean, elkar ezagutzeko aukera". Eta ikastekoa: "Nire lehen bertikala duela urtebete izan zen. Entrenatzaile bila ibili nintzen, baina, azkenean, nire kabuz hasi nintzen; irteten nintzen mendira, baina disfrutatzera: 'Gaur gogoa dut irteteko, irtengo naiz; bihar ez badut, ez naiz irtengo'. Horrela entrenatuz iritsi nintzen hara, eta ikusi nuen denek dituztela euren entrenamenduak, dena ondo neurtuta... Arratsaldeetan bakoitzak bere entrenamendua egiten zuen, eta ni galdezka joaten nintzaien: 'Zuk zer egin behar duzu? 30 segundoko serieak? Ez, hori ez'. Beste bati galdetu, eta: '2.000 metroko desnibela? Hori gehiegi da'. Beste batek ez dakit zer serie egin behar zuela eta: 'Bada, zurekin noa!". Hura ikusita –eta erakutsi dituen bertuteekin–, gauzak beste era batera egiteko gogoa sortu zaiola dio.

Eguntxo batzuk etxean berriro, eta Italiara, lehen lasterketa baino bost egun lehenago; ibilbideak aztertu, entrenamendu lasai batzuk egin... "Eta ordu pila bat ping-pongean!". Lehia bezperatan atsedena soilik, eta lehen lasterketa.

Kilometro bertikala

"Izugarrizko beroa egiten zuen behean, eta goian txingorra –ni ez ninduen harrapatu–, goian hotz; hotzikarak-eta izan nituen. Ez nintzen batere gustura geratu bertikalarekin, denbora hobea egitea espero nuen".

Ekaitza tarteko, erlojupekoaren emaitzak ezin izan zituzten unean-unean eman: "Ez nuen espero ezer". Baina, hara non, bigarren denbora onena zela Ugarterena, korrikalari askoren denborak ezagutzeke oraindik, hori bai. Azkenean, gauerdian ezagutu zituzten denbora guztiak, eta bigarren: "Oihu batean deitu nuen etxera!".

Zapatuan atseden eta domekan iraupen proba: "Probatzera atera nintzen, ze nirea bertikala zen. Baina egia da niretzako egokia zela, desnibel handia zuelako. Lehen zatia barikuko lasterketako bera zen, eta orduan baino minutu bat gehiago egin nuen bakarrik: eta ni oso pozik, ze indarrak gordetzen joan arren minutu bat gehiago baino ez egitea... Bigarren nindoan, errusiar bat lehenengo; ni ez nintzen konturatu, baina azken jaitsiera hasieran errusiarrak pot egin zuen, eta bazterrean geratu zen. Lau kilometroren faltan italiar batek pasatu ninduen –goian bosgarren edo seigarren zihoan–. Baina niretzako izugarria zen iraupen proban podium egitea. Eta italiarraren bertikaleko emaitza gogoan, eta jakinda lehen lasterketako irabazlea ez zela bigarrenean atera: 'Konbinatua irabazi dut!".

Sari handia aramaioar gaztearentzat: "Erregularrena eta konpletoena izan zarela erakusten du. Igotzen ona izan behar duzu, baina jaisten ere bai, eta irauteko gaitasuna eduki".

Zorionak, eskerrak eta eskeak

"Mugikorra sutan eduki nuen"; ez baita edozer Munduko txapela. Hamaika zorion mezu, eta berak eskerrak: "Jende askori, baina, batez ere, etxekoei: Mundialera iritsi banaiz, neurri handi batean, amaren errua da".

Eta aldarrikapen bat: selekzioko hemezortzi kideetatik sei ziren euskaldunak. "Gazteetan ere selekzioa behar dugu Euskal Herrian".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak