Dena prest dute Gazte Asanbla-dakoek sanmartinei hasiera emateko, eta antolakuntza "gogotsu" agertu da txosnak ireki-tzeko: "Egitarau indartsuarekin gatoz aurten, kontzertu ugari daude eta jende asko erakartzen dutenak, gainera. DJei ere lekua egin nahi izan diegu", azaldu du Unai Etxenausiak, Gazte Asanbladako kideak.
Musikaz gain, hainbat ekintza antolatu dituzte, hala nola berba pasea, film labur lehiaketa, Zuk in, zuk jan afaria, baita umeentzat Haurren Herria izeneko jolasgunea ere.
Protokoloa abian
Eraso sexisten aurrean erantzun sendoa emateko asmotan, aurten ere protokoloa jarri dute martxan: "Eraso sexistarik gabeko jaiak izatea nahiko genuke, baina, badaezpada, prebentzio modura, protokoloa abiarazi dugu". Egubakoitzetik eta jaiak amaitu bitarte, 24 orduz erabilgarri egongo den telefono zenbakia ezarri dute: 649 99 57 51.
Bueltatzeko asmotan
Aurten, kuadrillen arteko pikeak ez du lekurik izan egitarauan, baina datorren urtera begira bueltan izatea espero dutela jakinarazi du Etxenausiak: "Arrakasta handia izaten du, baina aurten ezin izan dugu antolatu. Orain ur jokoen parkea dagoen lekuan egiten dugu beti, eta aurten, denbora faltagatik, ez dugu alternatibarik bilatu. Dena den, 2020an pikearekin jarraitzea aurreikusten dugu". Bitartean, frontenis mistoko txapelketa azkarra izango da, eta txosnagunean ez da girorik faltako bazkaldu ostean.