"Herritarrek hala eskatuta" erabaki dute aurten auto klasikoen erakustaldia antolatzea San Martin jaietan. "Iaz, erakusketa batera bidean, Aramaiotik pasa ziren auto klasiko ugari, eta herritarrek ikusminez hartu zituzten. Hainbatek herriko jaietan halako ekintza bat gustura hartuko zutela adierazi ziguten", diote Udaleko ordezkariek, nobedadeaz galdetuta.
Plazan leku mugatua dagoela-eta hamabost auto egongo dira ikusgai bihar Aramaion. Hogeita hamar eta hirurogei urte bitarte dituzten autoak izango direla jakinarazi dute, eta Gasteizko Araba Classic Club arduratuko da ibilgailuok herrira eraman eta bertan erakustaldia egiteaz. "10:00etan, Gasteizen bilduko gara, gure egoitzan. Bertatik denok batera abiatuko gara Aramaiora eta 11:30 inguru herrian egotea espero dugu. Bazkalordura arte egongo dira autoak ikusgai, eta ondoren, etxera itzuliko gara. Beti egin ohi dugu horrela; guretzat, irteera politak izaten dira", azaldu du elkarteko arduradun Ibai Resinesek.
Klasikoen xarma
Araba Classic Club elkarteak 1994an ekin zion ibilbideari, 25 kideren eskutik. Ordutik hona, ibilgailu klasikoen mantentze eta berreskuratze lanetan aritu dira. "Egun, 200 kidetik gora ditu elkarteak, oso talde aktiboa gara eta beti gabiltza ekintza eta erakusketetan sartuta. Auto klasikoez gain, ibilgailu historikoak, kamioiak, motorrak eta autobusak ere baditugu".
Harrera ona
Erakusketek harrera "oso ona" izaten dutela diote elkartekoek, eta jende ugari gerturatzen dela beti. "Lehen aldia izango da Aramaion, ez gara bertan inoiz egon, baina badakigu jendeari bere gazte denborako autoak ikusita oroitzapen politak etortzen zaizkiola burura. Gazteen kasuan, kurioso egiten zaie".