Eskaintza zabala osatu dute aurten San Martin jaietarako, bai Gazte Asanbladak, baita Udalak prestatutako ekintzetan. Barikuan hasita, Zunbalain erromeriak plaza beteko du, 23:00etatik aurrera. Ordu berean, txosnetan, hiru talde arituko dira jotzen: Niña Coyote eta Chico Tornado, Rukula eta Brigade Loco.
Zapatu arratsaldean, 17:00etan, Konpost taldea arituko da taula gainean. Iluntzean, Puro Relajo mariatxi taldeak beteko du herriko plaza, 23:00etan hasita, eta txosnetan, aldiz, 00:00etan, The Potes eta Kañeria 13 taldeak arituko dira. Domekan, emanaldi ugari eta oso ezberdinak ikusteko aukera izango da. Arratsaldean, 20:00etan, Ertzak taldearekin dantzan aritzeko aukera egongo da plazan, 20:30ean.
Suarekin jolasean
Kaleko dantzan, suan eta erritmoan oinarritzen den Su à feu kale ikuskizuna Aramaiora iritsiko da domeka gauean. Afalostean, 22:30ean, angelu berri eta fantastiko batetik landuko dute gauaren iluntasuna Deabru Beltzak taldeko kideek. "Etorkizunekoak diruditen pertsonaia bitxi batzuek kalea hartzen dute eta mundu osoko erritmo ezberdinak lantzen dituzte, horiek su primitiboekin nahastuz", diote taldeko kideek.
Astelehena, umoretik
Azken egunerako, astelehenerako, Up! zirku ikuskizuna prestatu dute, eguerdirako, eta arratsaldeko zazpietan, duela hila-bete batzuk biral bihurtu zen audio baten egile den Txikik, umorezko bakarrizketa eskainiko du, 40 urte ta Aldapan behera niek izenekoa.