Onartu du Kuadrillak Berdintasun Plana

Julen Iriondo 2019ko eka. 28a, 09:56
Josebe Iturriotz, planaren lanketan egindako saioetako batean.

Gorbeialdeko emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako lehen plana 2019-2022 aldirako izango da. Aurrez herrietan zeuden planetatik eta Kuadrillako emakumeekin egindako lanketatik abiatuta egin dute, besteak beste, lau ardatzekin.

Kuadrillako Berdintasun Planaren oinarrian Gorbeialdean aurrez zeuden planen azterketa eta ebaluazioa dago –Aramaion, Zigoitian, Legution eta Zuian–, eta baita egindako aurrerapenen, egungo egoeraren eta etorkizuneko erronken analisia ere, Arratzua-Ubarrundia eta Urkabustaiz ere aintzat hartuz; planaren lehen atalek aurrekariak, erreferentziak eta kontuan hartu den marko legala azaltzen dituzte, lanketa prozesua eta lan metodologia deskribatzearekin batera.

Horrekin batera, baina, Berdintasun Sailak gidatutako hausnarketa estrategikoa ere izan da planerako iturri; bertan parte hartu dute ordezkari politikoek –zortzi lagun–, teknikariek –hamazazpi; askotariko arlotakoak, gaia transbertsala izaki– eta Gorbeialdeko elkarteetako emakumeek –Aramaioko talde feministakoak eta Itur Zurikoak, esate baterako– eta herritarrek –63 lagun–: horien ekarpena izan da erronkak eta lehentasunak zehaztea eta hurrengo lau urteetarako ekintzetarako printzipioak ezartzea.

Lau ardatz

Planak lau ardatz nagusi ditu: gobernu ona; emakumeen ahalduntzea; bizitzaren jasangarritasuna, baliabideen eta zainketen banaketa; eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzak. Eta Kuadrillako udalerri bakoitzerako ekintzak zehazten ditu, ardatzik ardatz.

Aramaion, gobernu onari dagokionez, adibidez, planak jasotzen dituen egiteko batzuk dira: Udalak sexuen arabera bereizitako datuak jasotzea eta erabiltzea; kontratuetan eta dirulaguntzetan berdintasunerako klausulak sartzea; epaimahaietan emakumeen eta gizonen kopuru orekatua sustatzea;...

Emakumeen ahalduntzearen gainean: herritarrak sentsibilizatzea beren komunitaterako berdintasuna onuragarria dela azalduz; egun seinalatuak ospatzea; kirolean genero arrakalak gutxiagotzea, emakumeen partaidetza areagotuz; kultura politikak genero ikuspegitik garatzea; autozainketa praktikak izan ohi dituzten emakumeen kopurua areagotzea eta arreta sanitarioa hobetzea, esku-hartzean genero ikuspegia txertatuz; mugimendu feminista sendotzea; erabakiak hartzeko postuetan emakumeen eragina areagotzeko laguntza zein trebakuntzarako programak areagotzea;... Bizitzaren jasangarritasunari, baliabideen eta zainketen banaketari dagokionez: eskolan hezkidetza integratzen jarraitzea, kulturan, politikan zein praktiketan genero ikuspegia txertatuz, eta heziketa proiektuen edukien artean emakumeen zein feminismoaren ekarpen soziala barne hartuz; pobreziaren feminizazioa txikiagotzeko, gizarte zerbitzuak egokitzea eta landaeremuko emakumeak Kuadrillako enpleguetara iristea sustatzea; pertsonen autonomia eta erantzunkidetasuna zein kontziliazioa erraztuko dituzten hirigintza plangintzarako eta garraio iraunkorrerako irizpideak gauzatzea;...

Eta indarkeria matxista desagerrarazteari buruz: desberdintasunaren eta indarkeria matxistaren arteko lotura agerian jartzen duten programetan zein jardueretan parte hartzen duten pertsonen kopurua areagotzea; azaroaren 25a ospatzea; indarkeria matxista gaitzesteko ekintza publikoak egitea; jaietan indarkeria sexista prebenitzeko ekintzak egitea;...

Berdintasun Planaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko organo arduraduna Kuadrillako Berdintasun Unitatea izango da. Kuadrillako herri guztiak aintzat hartuta, 28.560 euro bideratuko dira 2019an plana sustatzera; Aramaion, 2.500.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak