Lierni Altuna bigarrenez izendatu dute alkate

Eneko Azurmendi 2019ko eka. 15a, 14:41

Motza, garbia eta zehatza izan da Aramaioko udalbatza berriaren eraketa. Adinekoen mahaia osatu dute lehenik, eta ostean egin dute bozketa. Lierni Altuna izendatu dute bigarrenez alkate, EH Bilduren zazpi botorekin eta EAJ bi ordezkarien abstentzioarekin.

Inolako ezustekorik gabe, giro lasaian, eta oso saio labur batean eratu dute Aramaioko udalbatza berria. 12:00etan hasi dute osoko bilkura, eta ez ohiko itxura hartu du aretoak. Izan ere, hainbat herritar gerturatu dira udaletxera hautetsiei babesa adieraztera.

Adinekoen mahaia osatu dute lehenik, eta Cristina Etxenausiak hartu du hitza, zinegotzi nagusienak. Hark gidatuta, zinegotzi guztiek hartu dute kargua banan-banan, eta ostean egin dute bozketa. EH Bilduko zazpi ordezkariek Lierni Altunaren alkatetzaren aldeko botoa eman dute, eta EAJko biak abstenitu egin dira. "Datozen lau urteetarako konpromisoa hartu dugu bederatziok. Polita izan da gaurko ekitaldia".

Agintaldi honetan zazpi ordezkari izango ditu EH Bilduk, eta bi EAJk. Alkate izendatu berria, hala ere, hitz egiteko eta akordioak bilatzek prest azaldu da. "Gure asmoa, EAJk nahi badu behintzat, elkarlanean aritzea da eta guztiok batera herriaren alde ahalik eta onena egitea, orain arte moduan". Gaineratu du "talde polita eta askotarikoa" osatu dutela, eta datozen lau urteetara begira "lan eta erronka asko" edukiko dituztela. Hala ere, "ilusioz" dagoela azpimarratu du.

Oposizioa ere, elkarlanerako prest

Pedro Elosegi EAJko zinegotzi eta oposizioko buruak adierazi du lehenengo lana eguneratzea izango dela, eta udalgintzaren eguneroko lanetan sakontzea. Izan ere, duela 20 urte zinegotzi izan zen Gasteizen, baina ez dago udal mailan lan egitera ohituta. Hala ere, Aramaioren alde lan egitera etorri dela dio. "Bi zinegotzi bakarrik ditugu, baina ahalik eta ekarpenik handiena egiten saiatuko gara. Ez gara debalde etorri, lanera baizik".

Aramaiorentzako onena lortzen saiatuko direla gaineratu du, eta Altunak adierazi moduan, Elosegi ere prest azaldu da elkarlanerako, guztien artean herria aurrera ateratzeko. Hain zuzen ere helburu horretarako sortu den udalbatza berria begi onez ikusten du. "Udalbatza honekin Aramaiok irabaziko du. Itxaropena, lana eta elkarrizketa. Horiek dira funtsezko hiru gauzak".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak