"Baboso" baten jarrera deitoratu du taldeak, eta Gazte Asanbladak salatu egin du "eraso sexista"

Julen Iriondo 2019ko eka. 3a, 11:18
Desorden taldekoak, Aramaion. Argazkia: Desorden

Aurreko asteburuan Aramaion izandako Eguzkierripa Rock jaialdian aritu zen taldeetako batek, Desordenek, sare sozialetan zabaldu du "ederki" pasa zutela, harik eta "baboso" batek "muga zeharkatu" zuen arte. Gazte Asanbladakoek oharra atera dute, eurak unean ohartu ez ziren arren, gizonezko bat taldeko abeslaria eta baxu jolea "inkomodatzen" ibili zela argituz. "Eraso sexista"-ren aurrean momentuko erantzun faltagatik barkamena eskatu dute, eta "jai ereduaren inguruko lanketa ikuspegi feminista batetik" egitearen beharra azpimarratu dute.

Kideetako bi emakumeak dituen Desorden talde bizkaitarrak Facebookeko bere orrian jarritako mezuak hala zioen: "Ederki pasa genuen, baboso batek muga zeharkatu zuen arte". Baina hori bakarrik ez; ingurukoen jarrera ere salatu dute taldekoek: "Okerrena da ze normaltasunekin tratatzen zuen jendeak. Pena da gauzak ez aldatzea...".

Gertatutakoa ezagututa, horrela azaldu dute Aramaixoko Gazte Asanbladakoek, "eraso sexista" publikoki salatzeko ateratako oharrean: "Taldea eszenatokian zegoela, gizon bat jarrera babosoarekin lehen lerrotik abeslaria eta baxu jolea inkomodatzen ibili zen. Abeslariak mikrofono bidez ohartarazi zion inkomodatzen zebilela, bere espazioa inbadituz eta askatasuna urratuz. Honek nazka ematen jarraitu zuen, publikoan zegoen beste emakume bat erasotzailearengana hurbildu eta lepotik hartuta bertatik joateko esan zion arte".

Gazte Asanbladakoek ere nabarmendu dute, emakume hark salbu, publikoan zegoen jendeak ezer egin ez izana, eta barkamena eskatu diote taldeari eurek ere taldeko kideei "momentuan behar zuten babesa eta laguntza ez eskaintzeagatik" eta "erasotzailea jai gunetik ez botatzeagatik"; antolakuntza taldea gertatu zenaz momentuan ez zela ohartu azaldu dute.

Honekin batera, aurrera begira, "taldeko barne hausnarketa bat" egiteko eta "beharrezkoak diren neurriak" hartzeko konpromisoa hartu dute jaialdiaren antolatzaileek: "Ez dugulako inolako eraso matxistarik onartuko antolatuko ditugun jaialdi eta ekitaldietan".

Eta ondoko gogoetarekin jarraitzen du Gazte Asanbladakoen oharrak: "Uste dugu joan den larunbatean gertatutakoa ez dela kasu isolatu bat, bizi garen jendarte heteropatriarkalean emakumeok pairatzen dugun biolentzia sistemikoaren beste adibide bat baizik. Jaiak kasu, errealitatetik ihes egiteko saldu dizkiguten arren, egun, begirada lizunak, ikutuak, piropoak eta beste hainbat zapalkuntza mekanismo jasan behar ditugu. Nazkatuta gaude! Lehen lerroan egon nahi dugu, mikrofonoa eskuan hartu, dantzatu, abestu eta gure gorputz askeez gozatu!".

Honekin batera, "jai ereduaren inguruko lanketa ikuspegi feminista batetik" egitearen beharra azpimarratu dute: "Erabili ditzagun jaiak eredu askatzaileak praktikara eramateko eta nahi ditugun herri eta harreman ereduak eraikitzeko. Norberak erabakiz, guztiok gozatuz, sortu ditzagun jaiak guztiontzako espazio seguru eta gozamen iturri! Soilik gure gorputzak eta ekintzak askatasunez bizitzeko aukera badugu disfrutatuko dugu denok. Argi izan matxirulo, aurrean izango gaituzu! Jaiak eta plazak gureak dira! Emakumeok oholtzara, babosoak sutara! Gora borroka feminista!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak