Lierni Altuna: "Oraindik indarrarekin eta ilusioz ikusten dut nire burua"

Julen Iriondo 2019ko mai. 17a, 07:00

Lierni Altuna, udaletxe aurrean.

Lierni Altuna Ugarte (Aramaio, 1982) alkate izan da agintaldi honetan, eta zinegotzi izan zen aurrekoan; EH Bilduren zerrendako lehena da, berriz ere, Aramaion. Filosofia eta antropologia ikasketak ditu, eta irakasle ziharduen udal politikagintzara jauzi egin aurretik.

Berriz ere alkategai izango zara. Zalantzarik izan duzu? Argi zenuen? Zerk eragin du erabakian?

Bai, zalantzak izan ditut, eta ondo pentsatu dut, bai; ardura askoko lan bat delako eta pisu asko duelako. Baina oraindik indarrarekin eta ilusioz ikusten dut nire burua, eta datozenei transmisioa egiteko eta jarraipen bat emateko, gauza batzuk borobiltzeko, animatu egin naiz.

Arlo pertsonalean, nolakoa da alkate lana, zer eskatzen du, zeri uko egin behar zaio, zer zailtzen du?

Alkate lanak ematen dizuna da publikotasun bat. Neurria hartu behar zaio, publikotasun horretan ere zeu izaten ikasi behar duzu. Uko ez diot uko egin behar izan gauzei gehiegi. Beste era batera moldatzen zara... jendearekin berba egiten ikasten duzu, entzuten, zure denborak hartzen, jendeari esaten: “Orain ezin dut”. Pertsonalki eta profesionalki asko ikasten da.

Hain txikia izatera, herritarren feed back handia jasoko den herri bat izango da Aramaio.

Bai, ni kalean bizi naiz, Ibarrakoa naiz eta Aramaion egiten dut bizitza. Jendea etortzen zait eta ondo dago feed back hori, eskertzen da. Jakin egin behar da eramaten, baina eskertzen da.

Zinegotzi ere izan zinen alkate baino lehen; aldea egongo da batetik bestera.

Zinegotzi nintzenean nik nire lana nuen, eta nire denbora librean egiten nuen ahal nuena, gainerako zinegotziek bezala. Orain hau da nire lana, eta alkate izateak gizartean badu beste pisu bat. Niretzako, talde baten koordinatzailea naiz, baina badakit nola ikusten duen gizarteak alkate papera.

24 orduk ematen dute? Edo ondo etorriko lirateke 26?

26rekin ere, agian, iritsi ez. Nik beti esaten dut: “Etxean, norbere etxean, beti dago zeregina"; bada, hau da etxe handi bat, eta beti dago zeregina. Neurria hartu behar zaio, eta oreka lortu bizitzaren eta lanaren artean, denok moduan, hein handi baten.

Deskonektatzea posible da?

Bai, nik deskonektatzen dut. Talde moduan ere, ni oporretan banago, taldeko beste batzuek erantzuten dute, eta, normalean, ez bada gauza oso larririk gertatu, deskonektatzen dut. Gaur ezin dena konpondu, gauean ohean ez dut konpondu behar. Agendan ondo apuntatu, eta hurrengo goizean heldu.

Agintaldiaren ze balantze egiten duzu?

Orokorrean, oso balantze positiboa egiten dut. Berdintasun mailan, talde feminista sortu da, eta herri mailan mugimendu handia dago, eta hori mantentzea komeni da. Euskara erabileran edo euskaltzale mugimenduan, euskara elkartearekin batera lan handia egin da eta jendeak hartu ditu ohitura batzuk, eta badago lanean jarraitzeko bidea. Ingurumenean ere bai, hondakinetan nahikotxo murriztu dugu kontua, kanpaina desberdinak egin ditugu, uste dut jendea kontzientziatuago dagoela; oraindik badago lana egiteko, baina beno. Zerbitzuak hobetzen ere ari gara polito-polito. Azpiegiturak ere... dirulaguntzak jaso ahala, egin dira obra handiak. Matxinkale ere paseatzeko jarri da. Uste dut gauza desberdin asko egin direla, ur parkea, parkeko prozesua. Gauza asko falta dira oraindik egiteko. Honek ez du etenik, eten gabe joan behar dugu hobetzen, eta eten gabe erabaki behar du herriak ze behar duen; duela hamar urteko beharrak edo gogoak eta gaur egungoak ere ez dira berak. Eten gabeko mugimendua da bizitza, eten gabeko mugimendua izan behar du herriak, eta Udalak horri erantzun behar dio.

Eta agintaldi berrira begira, erronka nagusiak?

Ur-zikloaren kontuarekin jarraitzea, etxeko edateko uraren sistemarena; herri zabala da hau, eta hainbat iturburu ditugu. Lortu dugu Foru Aldundiak ikerketa bat egitea, eta iraunkortasunera eta ahalik eta ur gutxien gastatzeko bidean inbertsioak egin beharko dira. Eta gero saneamenduaren arazoa dago, ea Arrasatera eramaten dugun, edo hemen araztegi bat… Hor ari gara Foru Aldundiarekin gaia aztertzen, gaurkotu beharra dago-eta. Orain dela gutxira arte dena ziren hobiak; azken urte nahikotxotan sare orokorra sortzen ari da Udala, baina hori borobiltzeko gauza asko falta dira oraindik. 

Musika etxea badator, bidegorriarena beti hor dagoen gaia da, erresidentziarena…

Bidegorriarena hor dago, ari gara Foru Aldundiarekin. Ez da gai erraza, ze Aldundiaren errepidea eta Ura daude hor, bi estamentu nahikoa gogorrak, baina aurrerapauso batzuk eman dira eta ea aurrera doan hori ere. Erresidentziena Foru Aldundiaren menpe dago. Gizarte zerbitzuen mapa osatzen eta borobiltzen dabil, eskualde ikuspegitik. Baina uste dugu Aramaion beste berezitasun batzuk baditugula, eta eskualdean geratzen dela oso… Debagoiena gara naturalki, ez? Eta ea Aldundiarekin horretan ere aurrerapausoak ematen diren. Gutxienez, Aretxabaletan lortu dira sei plaza, ez dela gutxi, hurbiltasunetik, Arrasaten galdu zirenak, eta idealena hori izango litzateke. Baina hori bai ez dagoela Udalaren esku %100. Aldundia inplikatu behar da, eta eurekin lan egin behar dugu. Ingurumenean basoen kudeaketan-eta aurrera pauso handiak eman dira, eta horretan jarraitu behar dugu, gaitza ere gainean dugu eta ea ze baso mota behar ditugun, inguruak zaindu... Inbentarioa ere hor dago, lan handia egin da, borobiltzen joan, bigarren fasea, eta hirugarrena… lan asko dago oraindik egiteko. Ibarran leku desegokian utzitako automobilekin dugun arazoa konpontzeko bideak jartzea ere badugu eginbeharren zerrendan...

Aramaion eukaliptoa landatzea debekatu duzue...

Ikusita Bizkaian-eta dauden esperientziak, nahikoa arriskutsua iruditzen zaigu eukaliptoa, eta beti esaten dena: pinu artean bizitza dago, eukalipto artean ez.

Nolakoa da EH Bilduren hauteskundeetarako taldea?

Soslaia desberdinetako jendea gaude. Emaitzak ikusi eta egingo dugu lan banaketa. Auzoetako jende asko dugu, gainera, eta horrek ere aberastu egiten du zerrenda, soslaia profesional desberdinetakoak izateaz gain.

Auzoak aipatu dituzula, erreza da kudeatzea herri bat hainbeste auzorekin, hainbeste herri txikirekin herri baten barruan; bakoitzak bere interesa izango du...

Orokorrean, auzotarrek badakite herri txiki bat garela eta polito-polito goazela gauzak egiten. Bere momentuan Etxagueneko obra zibila egin zen bezala, Gureiakoa egin da, auzo desberdinetakoa egin da. Barajuen falta da, baina oraindik dirulaguntzarik ez dugu jaso. Nik uste, orokorrean, ulertzen dutela. Untzillan arazoa dugu trenaren kontuarekin ere; trenak obra batzuk ditu egiteko… Oso polita da, Suitza txikia da, baina zabala da, eta ez gara hainbeste biztanle. Orokorrean, jendeak ulertzen du, lehentasunak jarri eta gauzak eginaz joanez gero, ba…

Taldera itzuliz, ia kide denak berriak dira.

Bai. Ez dakit zenbat zinegotzi aterako ditugun. Kristina eta ni hor gaude, esperientzia dugunak, eta transmisio lana egin beharko dugu. Eta pertsona bakoitza ere mundu bat denez, bakoitzak bere era izango du, eta taldeak ere bere era markatu beharko du, denon artean. Lantaldea aldatzen denean, lana egiteko era ere aldatzen da. Eta hori denon artean jarri beharko dugu martxan.

Alkate moduan duzun kezka bereziren bat.

Gure kezka nagusia edo errealitatea da herri txiki bat garela eta legeak egiten direla bulego batean herri handiekin edo hiriekin pentsatzen; lege denak, hirigintzakoak… Oletan dugu, adibidez, arazoa. Definitzen dute zer den landa gune bat, baina Oletan ez du zentzurik, eta kontua ataskatuta dago. Nekazaritzan ere, hau landa gune bat da, baina legeak daude handiei begira eginda, eta txikietan, ekimen berriak martxan jartzeko, arazo handiak izaten ditugu. Kafe para todos hori da gure arazo nagusia. Txikiok gutxietsi egiten gaituzte edo kontuan hartu ez. Zentzu denetan, arlo denetan.

Zeintzuk dira zure afizioak?

Gustatzen zait mendira joatea, irakurtzea, lagunekin egotea, bidaiatzea…

... lehenengotarikoa izango zela espero nuena ez duzu oraindik esan…

Zer espero zenuen?

Bertsolaritza ez duzu oraindik esan…

[Barreak] Bai, bertsolaritza, bai. Bertsozale sutsua ez naiz, baina, bai, bertso mundua gustatzen zait, nire mundua bihurtu da azkenengo urte luzeetan…

Ez zara sutsua, hortaz.

Ez, ez naiz. Saltsa gustatzen zait, baina sutsua, 10.000 saiotara joatekoa, ez naiz.

Bertso bat osatzeko lau oin eskatu behar nizkizun…

[Barre] Bada, aukera, batera, tankera eta aurrera.

Zer gustatzen zaizu gehien Aramaiotik?

Gustatzen zait oso bizia dela, eta jende oso langilea. Herrigintzan, kulturgintzan dagoen mugimendua; gauzak antolatzeko orduan jende pila bat inplikatzen da. Elkarteak topera dabiltza, bizi dago, eta esango nuke, zentzu horretan, oso herri jatorra eta bizia dela. Eta leku bat? Ni oso Orixol zalea naiz, asko deskonektatzen dut han; Danborralde ere gustatzen zait, mendiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak