Pedro Elosegi: "Aramaioar guztien bizi-kalitatea gero eta hobea izatea da gure nahia"

Eneko Azkarate Laspiur 2019ko mai. 10a, 15:00

Aramaioko EAJren alkategaia udaletxearen alboan, joan zen domekan.

Pedro Elosegi Gonzalez de Gamarra (Gasteiz, 1960) da EAJren Aramaioko alkategaia. Goi mailako musika irakaslea da ofizioz, baina politikan eta herrigintzan urteetan aritua: Jose Angel Cuerdarekin Gasteizko udalean aritu zen eta Arabako Batzar Nagusietako presidentea izan da agintaldi honetan.

Ze egiten du gasteiztar batek Aramaioko alkategai?

Aramaioko EAJren zerrendaburu aurkezten naiz lan egiteko asmoz, laguntzeko asmoz eta Arabako herri baten aurrerapenaren alde egiteko asmoz.

Zer dakizu Aramaiori buruz?

Begira, 2003. urteaz geroztik Arabako Batzak Nagusietako prokuradorea naiz, baita azken lau urtetan presidente ere. Batzar Nagusietako lanetan, Arabako herri guztietako gaiak aztertzen ditugu. Asko ikasten da, bai Arabari buruz, baita arabarrei buruz ere. Gainera, ez naiz egon azken 16 urte hauetan bulegoan sartuta; alderantziz, Arabatik bueltaka ibili naiz, lurraldean barrena, herri guztietatik.

Nork proposatu zintuen Aramaioko alkategai izatea?

Aramaion EAJko kide eta lagunen artean osatu zen lan talde bat Udal hauteskundeak aurrean zirela-eta. Aramaioko arazoak eta beharrak aztertu eta gero, Udal hauteskundeetarako zerrendarako pertsonak proposatu zituzten talde horretan.

Ustekabean hartu zenuen?

Ustekabea ez da hitza. EAJren alderdikidea naizen momentutik badakit horrelakoak gerta daitezkeela, egunero gertatzen ez badira ere.

Berehala erantzun zenuen?

Bai. Galdetu eta baietz esan di-da izan zen.

Zer gertatzen zaie hainbat alderdi handiri herri txikienetan ez dutela lortzen herritarrez osatzea hauteskundeetarako zerrendak?

Ez dakit. Hori ez da gertatzen behintzat EAJ alderdiaren kasuan. Hauteskunde hauetarako Arabako Udal guztietan, Trebiñu barne, aurkeztu dugu hautagaien zerrenda. Herri guztietan aurkezten den beste talderik ez dago Araban. Zenbakietan, 700 gizon eta emakume baino gehiago dira. Horien artean, %1,5 bakarrik dira, nire moduan, herrikoa ez den alkategaiarekin.

Lau zerrenda aurkezten dira Aramaion hauteskundeetara eta EH Bilduko alkategaia izan ezik, gainerako hiruak kanpokoak zarete, bi gasteiztar eta bilbotar bat eta hiruak ospetsu samarrak, erakunde handiagoetan arituak…

Nere kasuan uste dut hori txarra ez dela. Erakundeetan ikasitako eta bizitako esperientzia balore gehigarria dela uste dut.

Jose Angel Cuerdarekin izan zinen zinegotzi Gasteizko Udalean. Ze ikasi zenuen Gasteizko alkatearengandik?

Cuerda izan da politiko handi bat, guztien errekonozimendua jaso izan zuen Gasteizko alkatetzan egon zen 20 urte haietan. Gasteiz berri bat sortu zuen, planteamendu berriekin: elkartasuna eta giza eskubideak izan ziren bere hiri ereduaren ardatz nagusiak. Iraunkortasuna eta ongizate soziala helburu nagusiak. Politika egiteko modu berri bat sortu zuen eta ni harro nago Cuerdaren ikaslea izateagatik.

Astialdian zer gustatzen zaizu egitea?

Gauza asko. Familiarekin egon eta bidaiatzea esaterako. Bestalde, musika da nire lanbidea. Orain, politika lanetan murgilduta nagoenez, musikaren bidez erlaxatzen naiz astialdi denboran, Bide batez, Aramaioko hautagaia izateko ez da profil txarra musikaria izatea. Hor dauzkagu hainbat aramaioar musikari handi eta ospetsu: Vicente Goikoetxea, Sabin Salaberri, Rafael Mendialdua… Horretaz gain, sukaldean aritzea ere gustuko dut. Nire familiakoek ostalaritzan lan egiten zuten. Han ikasi nuen nik, sukaldean ikusten… Webgune bat dut eta astero nik egindako bideo-errezeta bat igotzen dut.

Ikusi dituzu Espainiako hauteskundeetako hautagaien debateak? Ze iruditu zaizkizu?

Estatu mailako politika aldatu egin da azken urteotan. Lehen bi alderdik gobernatzen zuten, batean batek, besteak besteak besteak. Gaur egun desagertu egin da bi alderdi horien nagusitasuna eta ordezkaritza parekatuago dago alderdi gehiagoren artean. Hori, nire ikuspuntutik, ona da. Debateak gehienetan ez dituzte gauzak asko argitzen. Hautagai bakoitza bere liburura saltzera doa.

Gaur egun 3 zinegotzi ditu EAJk Aramaion; EH Bilduk, 6. Ze helbururekin aurkezten zarete?

Zer esango dizut, ba. Gure helburua da 5 zinegotzi edukitzea. Hori baino gehiago ere izan du EAJk Aramaion. Emaitza haiek errepikatzea da helburua.

2004an irabazi zuen azkenekoz EAJk Aramaion…

Bai, eta…?

Zer behar du bereziki Aramaiok?

Etorkizun hobeagoa, eta biztanle guztien bizi-kalitatea gero eta handiagoa izatea. Gauden ingurumen fisikoa onartu eta garatu.

Eta zer eman diezaioke EAJk?

Lan esperientzia. Politika egiteko eredu bat, non elkarrizketa tresna ezinbestekoa den akordioak lortzeko. Hau da, PNV eredua.

Alkate izango bazina egingo zenituzkeen lehen 3 gauzak?

Gure programan agertzen diren 10 helburu orokorrak martxan jarri

Aramaio hobetzeko 3 neurri?

Parte hartzea hobetu. Biztanle guztien arteko komunikazioa zuzena eta azkarra izan dadin sistema bat antolatu.

Non, zein alorretan, eragin nahi duzue, bereziki, Aramaion datozen lau urteotan?

Elkartasuna bultzatuko dut biztanleen eta eskualdeen artean eta baita parte hartzea ere.

Ze ekimen edo proiektu zehatz egin nahiko zenuke Aramaion, aukerarik izango bazenu, datozen lau urteotan?

Gure taldean hauteskunde programa garbi eta konkretu bat landu dugu. Programan hamar helburu orokor agertzen dira non bakoitzak hiru ekintza konkretu daukate. Hauen artean: Hiri Antolamendurako Plan Orokorra burutu eta onartu legealdiko lehen urtean; nekazaritza ingurua berpiztu; gazteentzako aisialdi eskaintza hobetu; garraio publikoa hobetu; parte hartze programa martxan jarri; ur zikinen problematika konpondu..

Ze maiztasunez etorriko zara Aramaiora, udaletxera, hurrengo lau urteotan?

Ezinezkoa da momentu honetan erantzun bat ematea. Hauteskundeak pasa ondoren datu guztiak edukiko ditugu eta hor izango da momentua erabakitzeko. Osatuta daukagun lan-taldean egingo dugu funtzionamenduaren plana. Nire konpromisoa da lanerako gertutasun osoa. Beharrezkoa izango balitz, egunero etorriko naiz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak