Arabako Bertsolari Txapelketako finalean, txapelak ez du Aramaioko bidea hartu

Xabi Gorostidi 2019ko mar. 30a, 23:54

Iñaki Viñaspre izan da garaile, merezimendu osoz, gainera. Abetxukokoak hirugarrenean lortu du txapela, azken bi finaletan bigarren izan ostean. Aramaioarrek maila aparta eman dute: Manex Agirre buruz-burukora heldu da, Igoa gutxigatik ez da azken lehian izan, eta Abarrategik beteranoen patxada berarekin jardun du. 

Arabako bertsolaritzaren egun handia izan da gaurkoa, eta Principal aretoko giroan nabaritu egin da hori. Alde guztietatik etorritako 700 bertsozale batu dira harmailetan, eta berotasuna transmititu diete oholtza gainera igo diren sei finalestei. Aipatzekoa aramaioarren presentzia. Lau pankarta jarri ditituzte herriko bertsolariak babesteko, eta Xabi Igoaren kuadrillakoak Xabiz mozorratuta etorri dira; koadrodun alkandorekin eta betaurrekoekin.

Agurretan mikrofonoarekin lehen kontaktua egin ostean, ariketa puntuagarriekin hasi dira: Manex Agirre eta Aroa Arrizubieta izan dira lehenak, eta Espainiako saskibaloi selekzioaren deia jaso duen neska gazte baten gurasoen azalean sartu dira. Jarraian Xabi Igoa eta Peru Abarrategi turismo bulego bateko langile gisa aritu dira, eta euren atzetik Iñaki Viñaspre eta Oihane Perea sotana kentzeko prest dauden bi apaizen rolean.

Binakako bigarrena, hamarreko txikian egin dute ondorengo bikoteek: Aroa-Peru, Iñaki-Manex –buruz burukoaren aurrerapen gisa– eta Oihane-Xabi. Ariketa honetan Aroari kosta egin zaio urduritasuna gainditzea. Perurekin batera aritu da kantuan; bera paziente eta Peru mediku. Une batez, trabatu egin da, hurrengo puntuan berriz... baina publikoaren txalo zaparrada jaso ostean bertsoa bukatzea lortu du, eta oso modu dotorean egin gainera. Edukitako lapsusa bere alde baliatu du, eta medikuari hitz totela dela esanez amaitu du bertsoa.

Jarraian puntua emanda egin dute bertsotan, bakarka, eta ostean egin dute binakako azken ariketa. Manex eta Peru dotore aritu dira urpekaritza ikastaroko ikasle rolean. Nahibeste eman diote umeoreari, eta Manexek Peruren argaltasuna baliatu du, ikusleei barrea eragiteko. Peru argala da, bai, eta gaur benetan argal tankera zuen, ez baitzeukan urduritasun gramo bakar bat ere. Aroak eta Oihanek, Picassoren Gernika koadroaren puzzle bat aitzakia hartu dute, memoria historikoaz hitz egiteko, eta Xabik eta Iñakik overbooking kontuak hartu dituzte hizpide.

Behin ofizioak amaituta, banaka aritzeko ordua heldu zaie. Perurekin bikain kantatu ostean, Manex izan da lehena, baina ez da oso gustura aurkitu; agian gaia ez zelako oso mamitsua. Aroaren gaia are deserosoagoa zen –araztegi bateko langile baten komeriak–, baina umore puntua aurkitu dio gaiari, eta ondo defendatu da. Hirugarren Peru Abarrategi izan da, eta segurtasunez jardun du adarrak jarri berri dizkioten mutil baten azalean. Adarren mina gainetik kentzeko, txanpon berarekin ordaindu dio neskalagunari, eta horrela amaitu du bertsoa: "nik beste bati mingaina sartu, ta esango diot enpate". Igoak bakarka jo du goia. Gai sentikor bat egokitu zaio: txikitan, aitak horrenbeste aldiz kontatu zizun ipuina, orain berari kontatzen ari zatzaizkio. Alzheimerra hartu du ipar, eta bertso elegante bi lotu ditu. GOIENAko mikrofonoetan aitortu du, bizitza errealean gaixotasun hori ezagutzea tokatu zaiola, eta bertsotan egin duenean, Alzheimerra zer den helarazten asmatu du. Oihane Perea eroso aritu da bakarkakoan, bularra emateagatik denda batetik irtenarazi duen ama bailitzan, eta Viñasprek ikusleak hunkituarazi ditu, pertsona lodiek jasan ohi duten sufrimenduari buruz kantatuz.

Buruz buruzkoan: Agirre eta Viñaspre

Manex Agirre eta Iñaki Viñaspre izan dira buruz burukora sailkatu direnak. Xabi Igoa gertu ibili da, eta bi onenen artean egoteko pisuzko arrazoiak zituen, baina Manex izan da txartela lortu duena. Agirrek eskuak bota ditu burura, bertan egotea esperoko ez balu bezala; baina burua astindu eta lanean jarri da. 

Iparragirre abila dela doinuarekin kantatu dute lehendabizi: Agirre aske den txori moduan, eta Viñaspre kaiolan dagoen txoria legez. Urduritasun izpirik gabe jardun dute, eta umorera jo dute biek ala biek.

Azken ariketan, kartzelakoan, hau izan da gaia: Zure familiako ohiturarekin apurtzea erabaki duzu. Agirrek 200 urteko baserria saltzen duen pertsona baten prismatik abestu du, eta Viñasprek ordea alardea hartu du ipar. Agirreren bertsoak landuak izan dira, baina Viñasprek bete-betean asmatu du gaiarekin, eta dagokion zukua atera dio, ezbairik gabe. 

Azkenean, horrela geratu da sailkapena:

  1. Iñaki Viñaspre: 612 puntu
  2. Manex Agirre: 596,5 puntu
  3. Xabi Igoa: 409,5 puntu
  4. Oihane Perea: 399 puntu
  5. Peru Abarrategi: 384,5 puntu
  6. Aroa Arrizubieta: 363 puntu

Lierni Altunak eman dio txapela Viñaspreri, eta une hori baliatu dute bertsozale elkartearen baitan Altunak egindako lana aitortzeko. Behin txapela buruan jantzita, hau izan da Viñaspreren azken bertsoa:

Bai garaia zen ja probatzeko

benetan hau da itzela,

ta ze marroi eskaintzearena

bati bakarrik txapela

bertso eskolarentzat

izan ahal zen

baina uste dut ez dela

Lierni bisita lagun, kidea

baina gaur dugu bestela

amarentzako, anaientzat

baina ez da hain epela

uste dut badakitela

Iratxe eta Ekaitz argi dut

hau merezi duzuela

eta etxean nahi zaituztegu

txori askeak  bezela

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak