Arabako bertsolaritzaren egun handirako gertu

Julen Iriondo 2019ko mar. 26a, 18:10
Sei finalistak, finalaren aurkezpenean.

Zapatuan jokatuko da Gasteizen sei protagonistetatik hiru Aramaiokoak izango dituen Arabako Bertsolari Txapelketako finala –gaur aurkeztu dute–. Irekia ageri da Agirre, Igoa, Abarrategi, Perea, Viñaspre eta Arrizubietaren arteko lehia. Lierni Altunak jarriko dio irabazleari txapela.

32 hasi ziren, eta sei baino ez dira geratzen txapelerako lehian, "antolatzaile eta gai-jartzaile modura urte askoan egindako lan isilagatik" –Arabako Bertsozale Elkarteko Oier Suarezen esanetan– Lierni Altunak emango duen txapelerako lehian.

Bertsolariek finalean egin beharreko lana izango da: ofizioetan zortziko nagusian eta hamarreko txikian; bi puntu erantzun; binaka seiko motzean; gaia emanda bi bertso; binaka Iparragirre abila dela doinuan; eta kartzela, gaia emanda hiru bertso. Azken bi ariketak buruz burukoan egingo dituzte.

Printzipaleko leihatila barikua bitartean 18:30etik 20:30era eta zapatuan 15:30etik finala hasi arte –17:30ean– egongo da irekita; 945-16 10 45 zenbakian eta www.principalantzokia.org helbidean ere eskura daiteke sarrera.

Eta lehian: "Inportanteena seiak gustura geratzea" dela dioen Iñaki Viñaspre; gainerakoei "ondo" dagoela abisatzen dien Oihane Perea; bertso eskolan ematen duena "finalean ere" eman nahi lukeen Aroa Arrizubieta; ...eta hiru aramaioarrak.

Manex Agirre / Finalista

"Aramaioko hiru gaude, lan egin dugun seinale, eta pozik nago horrekin. Beheraldi batzuk izan ditut ariketa batzuetan txapelketan zehar, eta ea horiek hobetu eta saio on bat egiten dugun. Saioan sartuta egon nahi nuke hasi eta buka, eta ea bakarka nola jarduten dudan: orain arte ez dut asmatu txapelketa osoan".

Xabi Igoa / Finalista

"Finalean egotea helburu jarri nuen, eta presio horrek kalte egin dit, eta saioetan ez dut nahi beste gozatu. Finala gozatzea nahi nuke; ardura eta pribilegioa da Printzipalean egotea. Nahi nuke final oso bat egitea, ariketaz ariketa tentsioa mantenduz eta bertsotan esan nahi nukeen hori esanaz".

Peru Abarrategi / Finalista

"Nahiko nukeena da urduritasuna ahalik eta gehien kontrolatzea eta finala, Euskal Herrira begira erakusleiho bat den heinean, ahalik eta politena atera dadila, eta ikustera datozenak gustura geratu daitezela. Orain arte lan ona egin dut, baina saio denetan utzi dut pototxo bat, eta hori aurreztu badezaket...".

Lierni Altuna / Txapela jarriko dio irabazleari

"Manexek bertso eskola osatu nahi zuela-eta harrapatu ninduen, eta hala hasi nintzen bertso munduan. Ilusio handia egiten dit eta ohore bat da irabazleari txapela jartzea, baina lanean ibili garen denon ordezkari ikusten dut nire burua; talde moduan bizi dugu bertsoa, eta haien izenean jarriko diot, gustura, edozeini".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak