Jose Luis Madina: "Goizean argazkirik egin ezean, zerbait falta dut"

Julen Iriondo 2019ko ots. 1a, 11:49

Helduaroan sortu zitzaion argazkitarako afizioa. Azken hiru urteotan, 3.000 inguru aterako omen zituen; beti natura osagai, eta eguraldia aitzakia: ETBn ezaguna da.

Eguraldia hizpide da garaiotan; eguraldia islatzen dute, besteak beste, Madinaren argazkiek.

Noiztik duzu afizioa argazkitarako?

Erretiratu ostean hasi nintzen apur bat, baina, batez ere, duela hiru urtetik. Goizean jaiki eta Orixol aldera-edo joan, Untzillara, Barajuenera... Aramaioko argazkiak ateratzen ditut, gehienbat. Joan izan naiz Urkulura, Udalara, Bedoñara, Legutiora, Oletara... ere, inguru horretan mugitzen naiz. Ia egunero joaten naiz argazkiak ateratzera.

Propio joaten zara argazkiak ateratzera? Edo aprobetxatzen duzu, adibidez, mendira zoazela...?

Apropos joaten naiz. Eta goizetan hori egiten ez badut, zerbait falta dut. Goizetan gustatzen zait joatea. Nik uste dut jendeak ez dakiela zer galtzen duen... Eguzkiaren irteera, San Kristobaldik, edo Orixolik, izugarria. Eta argazkiak gustatzen zaizkit, ez bideoak: argazkia da momentua, hura momentua harrapatu behar duzu. Eta hasi nintzen Euskal Telebistara bidaltzen, eguraldiaren tartera. Eta Euskalmetek sari bat ere eman zidan duela pare bat urte. Gero, Twitterren ere ibiltzen naiz, eta bertan jartzen ditut argazkiak. Eta gehien apreziatzen dudan gauza badakizu zer den? Kanpoan bizi den hemengo jendeak nola eskertzen dituzten argazkiak; telefonotik deitzen didate, jarraitzeko esanaz... Jendea zain egoten da.

ETBn bazaudete batzuk nahikoa finkoak, ezta? Zurekin batera, Portularrume, Lameriñas...

Bai. Hamabost-hogei bat finkoak gara. Nik bezala, egunero dihardutenak dira Lorentxo Portularrume, Josetxo Apeztegia, Juan Lameriñas, Txaro Ortiz de Zarate, Victor Uriarte... Elkar ezagutzen dugu denok, gainera; ni ez naiz egon, baina ETBren egoitzan bazkari bat ere egiten da, Bilbon. Nik ezagutu ditut... adibidez, Portularrume, Zarautzera joan nintzen batean kalean beragatik galdetuta. Eta beste batzuk etxera etorri zaizkit.

Eta zer zarete, denok antzerako soslaia duzuenak?

Jende gehiena, bai, aspalditxo erretiratutako jendea gara.

Beste afiziorik baduzu?

Bai. 60 urterekin erretiratu nintzen, eta solfeoa eta akordeoia ikasten hasi nintzen Aretxabaletan. Eta akordeoia jotzen dut. Orain ere, elkarrizketa bukatzean, jotzera joango naiz, ordu erdi batez edo. Uzten baduzu, ahaztu egiten zaizu.

Behe lainoa, gustuko elementu

Aramaio ingurua argazkitarako leku aproposa dela dio Jose Luis Madinak; eta, parajeaz gain, ohikoa den osagai bat du gustuko: "Behe lainoa dagoenean.... Murugain erdia ikusten dela, Udalatx erdia, Tellamendi erdia... eta eguzkia irteten, izugarria".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak