Alex Mendikute: "Herritarrek zoriondu egin naute, eta hori pozgarria da"

Eneko Azurmendi 2019ko urt. 16a, 09:47

Duela bi hilabete inguru, bi panel jarri zituzten kultura etxeko bi hormatan, tximeletak eta sendabelarrak oinarri hartuta, eta argazki guztiak argazkilari aramaioarrarenak dira. Orain arte herritarren partetik jasotako erantzuna "oso ona" dela azpimarratu du Mendikutek. Batzuk "harritu" ere egin direla dio, herrian hainbeste tximeleta aurki daitezkeela ikustean.

Herritarrengandik jasotako erantzuna "oso ona" izan dela azpimarratu du aramaioarrak, eta bi panelen gaineko komentario positiboak jaso ditu. Batzuk "harritu" egin direla dio, hainbeste tximeleta ikusita.

Iniziatiba polita da martxan jarri duzuena. Nola suertatu zitzaizuen hau egiteko aukera?

Liernik [Altuna, alkatea] eta Cristinak [Etxenausia, Kultura zinegotzia] planteatu zidaten kultura etxeko hormetan naturarekin lotutako zerbait jartzea, eta erronka onartzea erabaki nuen. Buruari buelta batzuk eman ostean, sendabelarrak eta tximeletak lantzea erabaki nuen, eta, Udalaren baiezkoa jaso ostean, panelak diseinatu nituen.

Argazkiak aurrez ateratakoak dira?

Bai. Beti ibiltzen naiz bidez bide Aramaion, kamera aldean, eta denetik ateratzen dut. Natura oso gustuko dut, eta urte guztian argazki asko ateratzen ditut. Tximeleta ugari nituen, eta, hain zuzen, pentsatu nuen polita izango zela herriari erakustea.

Guztiak Aramaion ateratakoak dira?

Hala da. Dibertsitate handia dago Aramaion. 21 sendabelar eta 21 tximeleta daude paneletan, baina tximeletak, adibidez, 30etik gora ditut.

Zeren arabera aukeratu dituzu?

Batetik, gustu kontua izan da. Bestalde, teknikoki argazki onenak direnak saiatu naiz jartzen. Leku mugatua zen, eta aukeraketa bat egin beharra neukan.

Zergatik tximeletak eta sendabelarrak, eta ez beste zerbait?

Gauza txikiak dira, eta asko gustatzen zaizkit. Animalia txikiek badute zerbait berezia.

Izen zientifikoa, euskarazkoa eta gaztelaniazkoa dituzte. Asko kosta zaizu bakoitza identifikatzea?

Bai, dezente. Ni ez naiz-eta biologoa; kar, kar. Sendabelarrei dagokienez, lehendik ezagutzen nituen batzuk, baina tximeletei buruz gauza gutxi nekien. Banituen liburu batzuk etxean, Internet erabili dut eta herritarren laguntza ere eduki dut. Izan ere, batzuek badakite gaiari buruz. Guztion artean lortu dugu bakoitzari izen egokiak jartzea.

Tximeleta guztiek ere euskarazko izena dute?

Guztiek ez. Bost bat tximeleta euskarazko izenik gabe daude, ez daukatelako euskarazko izenik edota ezin izan ditugulako aurkitu. Tximeleta hitzak hainbat sinonimo ditu euskaraz: mitxoleta, pinpilinpauxa, eta abar. Baina bakoitzaren izenak ez dira hain ezagunak. Sendabelarrek bai, guztiek dute euskarazko izena.

Zer lortu gura duzue honekin? Zein da helburua?

Atentzioa emateko, paretak apaintzeko eta informazioa emateko modu bat da. Leku aproposa da, gainera. Ikastetxea, kultura etxea eta herriko parkea bertan daudelako.

Dagoeneko pasa da denboratxo bat panelak jarri zenituztenetik. Nolakoa izan da harrera?

Oso ona. Zoriondu egin naute, eta hori pozgarria da. Azken finean, zure lanari egindako nolabaiteko aitortza da. Batzuk harritu ere egin dira, herrian hainbeste tximeleta aurkitu daitezkeenik ez zutelako espero.

Fauna eta flora handiko herria da Aramaio. Aukera ematen du beste animalia edo espezie batzuekin ere horrelako zerbait egiteko.

Nire aldetik, ez litzateke inolako arazorik egongo. Intsektuekin, txoriekin, zuhaitzekin, iturriekin… politak izango lirateke panelak. Materiala badaukat.

Lekua Udalarekin negoziatu beharko duzu.

Herri txikia da eta horma guztiak ere ezingo ditugu bete; kar, kar.

Argazkiak koloretan daude, baina esan behar da zuk argazki guztiak zuri-beltzera pasatzen dituzula. Zergatik? Zer ematen die zuri-beltzak argazkiei?

Nik adin bat daukat, eta lehengo garaietan argazkiak zuribeltzean egiten genituen. Beti gustatu izan zait zuri-beltza. Hala, argian zentratzen da ikuslearen begirada, keinuetan, adierazteko moduan, eta ez norberaren jantzian edo zapatetan.

Kasu honetan, loreak eta tximeletak. Baina mota guztietako argazkiak ateratzen dituzu. Argazki kamera hartu, eta kalera irteten zara.

Bai, eta herritarrei eskerrak eman nahi dizkiet. Niretzako, plazera da euren artean hain erraz ibiltzea argazkiak ateratzen, momentuak harrapatzen.

Gabonetan urtero egiten duzu argazki proiekzioa, argazki guzti horiek ,edo horietako batzuk, behintzat, erakusteko helburuarekin.

Pena ematen zidan hainbeste argazki eduki eta nik bakarrik ikusteak. Beraz, herrira zabaltzea erabaki nuen, eta 2011z geroztik proiekzioak egiten ditut.

Orain arte Sastiñan egin izan dituzu, baina aurten udaletxean.

Bai, eguraldiak baldintzatuta. Sastiña oso hotza da. Udaletxeko osoko bilkuren aretoan egin genuen, eta askoz ere hobeto, egia esan. Datorren urtean ere hor egingo dugu.

Herritarren erantzuna ere oso ona izan da aurten, ezta?

Hala da. Sorpresa hartu nuen. Iaz ez zen horrenbeste jende egon, eta kezkatuta geratu nintzen, herritarrei ez ote zitzaien gustatu pentsatuz. Baina aurten bete egin da osoko bilkuren aretoa, eta oso pozik nago.

Noiz egingo duzu hurrengo argazki saioa? Irteera berezirik baduzu?

Ahal dudan gehienetan, kamera eskuan dudala irteten naiz, eta jaiak edota ekintza ezberdinak ere aprobetxatzen ditut argazkiak ateratzeko. Beraz, edonoiz izan daiteke hurrena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak