Aldaketak egingo ditu Udalak Plan Orokorrean

Eneko Azurmendi 2019ko urt. 10a, 16:23

HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean zenbait aldaketa egitea aurreikusten du Udalak, eta horien berri eman du asteon; hasierako onarpena eman ostean, ikusgai jarriko dituzte hilabetez, eta epe berean alegazioak aurkezteko aukera egongo da.

Martin Ferran eta Raimundo Mendiburu arkitektoek eman dute 2013a ezkero indarrean dagoen plan orokorrean egin beharreko aldaketen berri, martitzenean osoko bilkuren aretoan egindako informazio bileran.

Aldaketei dagokienez, lehena IB 04 eremukoa da, Matxain kaleko 6.ean dagoen garajeari solairu bat gehitzea eta etxebizitza bat egokitzea, hain zuzen.

Bigarrena IB 07 eremuari dagokiona da. Osteta kaleko eremu hori bitan banatzea izango litzateke asmoa, orain dauden etxebizitzak egonkortuz eta aparkalekua dagoen lekuan bloke txiki bat eginez, etxebizitza batentzako. Bi aukera daude: beheko solairuan etxebizitza jartzea edota beheko plantan lokal komertzialak. Horren arabera moldatuko litzateke eraikinaren estruktura.

IB 08 eremuan, bi azpiegitura ezarri dira, eta, horrenbestez, kalifikazio aldaketa bat egin behar da. Batetik, ekipo elektrogeno bat jarri da; beraz, espazio berde eta libreen sistema lokal bezala kalifikatutako espazio bat zerbitzuzko kalifikazioa izatera pasako da. Bestetik, kiroldegi atzean jarritako konpostatzerako azpiegitura dela eta, kirol ekipamendu publiko moduan kalifikatutako partzela zerbitzu publikoen eremua izatera pasatuko da.

Baso landaketak

Zoru ez urbanizagarriaren atalean, Aramaioko landa eremu gehiena batzen duten J.1.4 eta J.2.5 eremuetan aldaketa batzuk egingo dituzte. Hala, eremu horietan ezingo da kanpoko espezierik landatu, baldin eta aurrez landatuta ez badago. Bestalde, baso landaketek hiri nukleoarekiko eta landa nukleoarekiko bete beharreko distantziak 100 metrokoa izaten jarraitzen du eta baso landaketa zer den zehaztu gura izan du Udalak: 15 metro baino altuagoko zuhaitzak eta 200 hektarea baino gehiagoko landaketa eremua dutenak izango dira baso landaketak. Pinudiak, beraz, ezin izango dira aipatutako distantziaren barruan landatu, baina fruta-arbolak, adibidez, bai.

Arabako Basogintza Elkarteko ordezkariek 100 metro asko dela adierazi dute. "Terreno partikularrengatik zerga batzuk ordaintzen ditugu, eta inposizio bat iruditzen zaigu debeku hau. Pinuak Aramaioko baserritarrentzat irtenbide bat izan dira, gaur egun ere badira, eta izaten jarraituko dute. Aldaketa honek metro asko kentzen ditu, eta zergak ordaintzen jarraitu beharko dugu", azaldu dute.

Jon Ugarte Ingurumen zinegotziak, berriz, herritar guztien beharrak kontuan hartu behar dituztela erantzun die. "Ikusten badugu herritarren gehiengo batek gura duela distantzia hori gutxitzea, ez daukagu arazorik gutxitzeko. Baina ez dugu hori ikusten. Zuentzat gehiegi da 100 metro, baina etorri zaigu jendea eskatzen distantzia hori errespetatzeko ere. Gainera, gu sartu ginenean, finkatuta zegoen 100 metroko distantzia; urtebete pasa genuen zuekin honi irtenbide bat bilatu guran, eta ez genuen lortu. Beraz, herritarren gehiengoak ez badigu eskatzen, ez dugu aldatuko", dio.

Azkenik, eukaliptoa landatzea ere debekatuta egongo da Aramaio osoan, aldaketa onartzean.

Onarpena

Orain, aldaketa hauei hasierako onarpena eman beharko die Udalak, eta hilabetez ikusgai jarri, herritarren eskura. Alegazioak aurkezteko aukera ere izango da epe horretan, eta horren ostean, Udalak behin-behinean onartuko ditu aldaketok. Azkenik, Arabako Foru Aldundiari bidaliko dio txostena, eta hark sei hilabete izango ditu behin betiko onartzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak