Kolorea, bertsoa, musika eta gehiago Gabonetan

Eneko Azurmendi 2018ko abe. 21a, 08:45
'Kolore anitzak' antzezlaneko une bat. Argazkia: Talde Gune.

Ekintzaz beteta datoz aurten ere Gabonak; gaur, esaterako, Olentzerok eta Mari Domingik eskola bisitatuko dute; azpimarratzeko ekintzen artean, Gabonetako bertso saioa eta Kolore anitzak ikuskizuna daude, baina beste hainbat ere egongo dira.

Gaur, egubakoitza, hasiko dituzte Gabonetako ekitaldiak. Izan ere, Olentzero eta Mari Domingi eskolara joango dira. Arratsaldean, berriz, Gabonetako jaialdia egingo dute kultura etxean ikasleek eta irakasleek.

Domekan, Bizente Goikoetxea abesbatzak kontzertua eskainiko du elizan, 12:30ean.

Bestalde, hainbat tailer ere egingo dituzte kultura etxea: Cookiak, Jengibrezko gailetak eta Beatbox tailerra.

Bertso saioa

Aramaixoko Bertso Eskolak antolatutako Gabonetako bertso saioak ere ez du hutsik egingo aurten. Hilaren 29an izango da, eta Andere Arriolabengoa, Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal izango dira lau bertsolariak. Ane Zuazubizkar ariko da gai-jartzaile lanetan. Sarrera bost euro izango da eta ordu erdi lehenago jarriko dituzte salgai, kultura etxean bertan.

'Kolore anitzak'

Urteko azken egunean, Kolore anitzak antzezlana eskainiko du Talde Gunek, kultura etxean. Animazio digitalak lagundutako ipuin kontakizun musikatua da. Lanaren oinarria arte eszenikoa da, eta hau osatuko da ikuskizunaren baitako hainbat unetan zuzeneko musikaz eta tableta elektronikoen bidez ikusi ahal izango diren arte grafikoen bidez Marrazki bizidun horiek errealitate areagotua izeneko metodoaren bitartez ikusiko ditu ikusleak. Lau eta bederatzi urte bitarteko haurrei zuzenduta dago emanaldia, eta familiartean gozatzekoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak