Norbere kultura norbere lurraldean zabalduz

Eneko Azurmendi 2018ko abe. 20a, 17:41
Atzo aurkeztu zuten ekimena, Gasteizen. Argazkia: Haziaraba.

Haziaraba jaialdiaren lehen edizioa aurkeztu dute; hainbat ekintza egingo dituzte Arabako bederatzi udalerritan "probintziako kulturaren haziak hedatzeko" asmoz, eta horietako bat Aramaio izango da; hiru ekintza egingo dituzte Gabon hauetan herrian

Aste honetan aurkeztu dute Haziaraba estimulazio artistiko goiztiarreko landa-jaialdiaren lehen edizioa, Gasteizen. 1 eta 6 urte bitarteko haurrei eta euren familiei zuzendutako 26 saiok osatuko dute jaialdia, bederatzi udalerritan banatuta.

Europa mailako Mind The Gap proiektuaren baitan kokatzen da, eta Paraiso antzerki taldeak eta Teklak Komunikazio eta Audientzien Estudioak kudeatuko dute, Eusko Jaurlaritzaren, Gasteizko Udalaren eta Karraskan Elkartearen laguntzarekin.

Helburua da dagoeneko martxan dauden proiektuak Araba guztira zabaltzea, eragile ezberdinekin elkarlana sustatuta. "Proposamen hauek bereziak dira. Leku gutxitan daude oraindik, eta herri txikietan, are gutxiago. Hori dela eta, iruditzen zaigu herritar guztiak zaindu behar ditugula, eta eskaintza probintzia guztira zabaldu", azaldu du Irene Basiliok, proiektuaren kudeatzaileetako batek. Horrez gain, inplikatutako udalerriekin komunikazio bideak sendotzea eta, "ahal den neurrian", Arabako kultur eskaintza garatzea ere bada asmoa.

GaztefilmFestek eta Gutxinaka-gutxinaka eta Dantzaz konpainiek eskainiko dituzte ekintza guztiak.

Aurrerantzean, urtero

Esan moduan, jaialdiaren lehen edizioa izango da, eta honako udalerri hauek hartuko dute parte: Abetxuko, Agurain, Amurrio, Aramaio, Bastida, Dulantzi Iruña Oka, Laudio eta Oion. "Azkar egin behar izan ditugu gauzak, eta leku estrategikoak aukeratu gura izan ditugu, euren kuadrillari ahalik eta ondoen erantzuten dioten herriak, hain zuzen ere", dio Basiliok.

Aurrera begira, urtero errepikatzeko jaialdia izan dadin gura dute kudeatzaileek. Hala ere, oraindik ez dakite udalerriak mantendu egingo dituzten edo aldatzen joango diren. "Lehen edizio hau amaitzean, bederatzi udalerrietako ordezkariekin bilera bateratua egingo dugu, balorazioa egiteko. Nolako erantzuna izan duen, zer hobetu daitekeen, eta abar izango dugu hizpide, eta horren arabera ikusiko dugu udalerriak mantendu, aldatu edo berriak sartu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak