Kuadrillako Berdintasun Plana amaituta dago ia

Julen Iriondo 2018ko abe. 14a, 16:59
Josebe Iturriotzekin egindako saioetako bat.

Gaurko aurkeztu behar zioten Emakunderi, eta aurkeztu diote zirriborroa. Abendu amaieran edo urtarrilean erabat itxi, eta uda arteko tartean Kuadrillako Batzarrak eta udalek onartu beharko dute. 'De facto', dena den, amaitu orduko hartuko dute aintzat.

Emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzea eta berdintasun ezaren ondorioak desagerraraztea; horra gaur egungo gizartearen erronka handietako bat. Bide horretan, aurrerapausoa egin nahi du Gorbeialdeko Kuadrillak ere, eta horretarako landu du azken hilabeteetan eskualde mailako lehen Berdintasun Plana, Emakunderen eta Arabako Foru Aldundiaren diru laguntzarekin.

Aramaiok eta kuadrillako beste hiru herrik, Legutiok, Zigoitiak eta Murgiak, izan dute orain arte bakoitzak bere plana. Aurrerantzean, baina, plan bera izango da laurentzat eta Arratzua-Ubarrundia eta Urkabustaizentzat, kuadrilla osoarentzat; finean, Berdintasun zerbitzua kuadrilla mailakoa da, eta politikak ere berak dira herri guztietan –irizpide ekonomikoak ere hala egitea aholkatzen zuen–.

Gorbeialdeko Berdintasun Plana egiteko, beraz, bazegoen aurrez oinarri bat, eta, berria lantzerakoan, aurrena egin dutena izan da lehengoen ebaluazioa: "Aramaioko kasuan, ebaluazioaren ondorio nagusiak izan dira: Berdintasun Zerbitzua sortu zela 2016 amaieran edo 2017an, eta Berdintasun Plana 2015etik zegoen, ia bi urte pasa ziren plana bultzatzeko pertsonarik gabe, giza baliabiderik gabe, eta hori oso adierazle garrantzitsua da; eta, bestetik, ondorioztatu dugu azken bi urteotan sekulako garapena izan dela, nahiz eta oraindik asko dagoen egiteko", dio Gorbeialdeko Berdintasun teknikari Araitz Palaciosek. Azken baieztapena azaltzeko, adibideak: "Udalaren jardunean, kontratazioan eta diru laguntzetan, berdintasun klausulak txertatu dituzte; Aramaioko Udala Berdinsarean –berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren kontrako euskal udalerrien elkartea– sartuko da; edo Aramaioko San Martin eskola, hezkidetza programa duen kuadrillako ikastetxe bakarra da.

Bestalde, egin dutena izan da plan berria izan behar litzatekeenari buruz hainbat lantalderekin jardun: alkateekin; Kuadrillako arlo desberdinetako teknikariekin; eta herritar eta eragileekin. Azkenari dagokionez, Josebe Iturriotz eta Irantzu Varela ekintzaile feministek dinamizatutako bi saio egin zituzten Murgian eta Zigoitian, eta Aramaion beste bat herriko talde feministako eta Itur Zuri emakume elkarteko ordezkariekin. Bilera horietatik irtendako ondorio nagusietako batzuk ondorengoak izan ziren, Araitz Palaciosen hitzetan: "Genero indarkeriak asko kezkatzen duela jendea. Baita hirigintza arloak ere: emakumeok eramaten ditugu umeen kotxeak eta gurpil aulkiak, eta arazoak ditugu hirigintza modu honekin, oso patriarkala eta matxista delako. Eta asko aipatutako beste gauza bat izan zen emakumeok ditugun lan kargak, soldatapeko lanetik aparte, etxean ere sekulako lan pila egiten jarraitzen dugula, gizonek jarraitzen dutelako esparru publikoan egoten eta ez direlako sartu etxeko eginbeharretan, umeen edo pertsona nagusien zaintzan.

Hau guztia kontuan izanda osatu dute edo ari dira osatzen Gorbeialdeko lehen Berdintasun Plana. Lau ardatz nagusi izango ditu: gobernu ona, berdintasun irizpidea transbertsala izanik erakundeetako sail denetan aintzat hartuz; emakumeen ahalduntzea, gizartearen eraldaketarako; zaintza-lanen berrantolaketa –honek beste hainbat esparrurekin duen harremanarekin; lan arloarekin, esaterako–; eta indarkeria matxistarekin lotutako lana, prebentzioa, detekzioa eta arreta.

Kuadrilla mailako plana 2019tik 2022ra artean egongo da indarrean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak