Garestitu egingo da neguan egurra ateratzea

Julen Iriondo 2018ko abe. 5a, 15:35
Basotik egurra ateratzeko lanez ohartarazten duen kartela, Untzillan.

Ordenantza aldatzeko lanean ari dira udalbatzako alderdiak. Giro kaxkarrarekin hondatu egiten dira bideak, eta Udalak nahi du tasak eta bermeen zenbatekoak handiagoak izatea sasoi horretan, eta kontrol-lan zorrotzagoa ere egingo du, gainera.

Lehendik ere mahai gainean zegoen gaia zen, eta urriko osoko bilkuran atera zen berriz ere, ibilgailu astunek landa eta baso bideak erabiltzearen gaineko ordenantzaren zenbatekoak eguneratu behar zituztela-eta. Bertan planteatu zuen EAJk ibilgailu astunei neguan bide horiek erabiltzea debekatzeko aukera –eta, ondorioz, basoetatik egurra ateratzekoa–, eta gaia ondo aztertu beharrekoa zela iritzita, batzordean lantzekotan geratu ziren EH Bildurekin.

Tarte honetan bildu dira bi alderdietako ordezkariak, eta ordenantzan egingo dituzten aldaketen nondik norako nagusiak adostu dituzte; debekua beharrean, neguan tasa eta bermeak handitzea da erabaki dutena, bikoiztea: "Horrez gain, zorrotzagoak izango gara neguan jarduera ikuskatzerakoan, eta ikusten badugu kalteak gertatzen ari direla, geratu egingo ditugu lanak", dio arloko batzordeko burua den Jon Ugartek, aitortuz orain arte ez dela halako zorroztasunik egon, nahiz eta ordenantzak esan Udalak baduela lanak gelditzerik, bideen erabilerarekin arazoak egonez gero.

Debekurik ez, hortaz; garestitzea, bai. Ugarteren arabera, izan zen garai bat neguko debekua indarrean egon zena, baina hori aldatu egin zen: "Negu onak ere izan ditugu, eta sektorearentzat, egur zaleentzat, arazo bat zen, eta baita lur jabeentzat ere; eta Udalarentzat ere bai. Udalak ere baditu pinudiak, eta askotan berak ere etsenplu txarra eman izan du: basoak adjudikatzeko, prozesu bat jarraitu behar izaten da, eta prozesua luzatu egiten da askotan, eta egurra udan atera nahi izan arren, negua gainera etortzen da, iaz gertatu zitzaigun moduan eta aurten gertatu zaigun moduan; Aramaioko Udala bera dabil neguan egurra ateratzen. Orduan, esaten genuen: 'Nola debekatuko diegu beste batzuei, geu ere horrela ibiltzen bagara?". Eta egur zaleek balizko debekuaren gainean esateko zutena ere entzun dute: "Eurentzako kalte handia zela esaten ziguten, hurrengo urteetan egur asko aterako dela [are gehiago, pinuen gaitzarekin], lanpostu asko daudela jokoan...". Hortik baldintzak zorroztea, debekatu beharrean.

Horrekin batera, Udalak iraungitze data jarriko die hainbat lur-jaberekin indarrean dituen akordioei. Akordio horiek tasetan baldintza bereziak jasotzen dituzte, adibidez; esaterako, bide bat zabaltzeko jabe batek bere lur zati bat eman izanaren truke. Baina akordiook ez zuten amaiera datarik, eta orain, jarri egingo diete. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak