Lihoari eta txarribodei buruzko lanak, prest

Julen Iriondo 2018ko aza. 23a, 17:26
Lihoari buruzko dokumentalaren irudi bat.

Astelehenean emango dituzte bi dokumentalak, Euskaraldia dela-eta antolatutakoen artean. Antzinako Aramaio ekimenaren barruan egindako lanak dira, garai bateko irudiak eta zeregin horiek ezagun dituzten herritarren testigantzak biltzen dituztenak.

Museo etnografikotik herriko irudi zahar batzuk errekuperatu eta, horiek digitalizatuta, bi dokumental osatzea erabaki zuen Udalak, Aintzinako Aramaio ekimenaren barruan: bata, lihoaren lanketaren gainekoa, eta txarribodei buruzkoa bestea. Inguruan ohikoak ziren jarduerak, oraindik egiten dena, bigarrenaren kasuan.

"Lihoaren lanketa Aramaion egiten zela 60 urtetik gora dira, eta irudietan prozesua nolakoa zen ikusten da. Irudiei laguntzeko, elkarrizketatu ditugu Sebastiana Balantzategi eta Fermin Etxebarria, eta kontatu dituzte euren oroitzapenak, nola ereiten zen lihoa, nola jaso, nola ateratzen zen haria, nola eramaten zioten Eskoriatzako ehule bati eta izarak eta bestelako oihalak egin...", dio Euskara teknikari Rosa Mondragonek.

Txarribodei buruzko lanari dagokionez, berriz, irudietan agertzen zen toki berera jo dute testigantza bila, Etxaguen auzora, Jesus Astola, Benedicta Elortza eta Etor Goikoetxearekin egoteko: "Tradizio honen bilakaera ikus daiteke euren kontakizunean, nola bizi zuten umetan eta zenbat aldatu den tresneria aldetik, prozesu aldetik, eta abar".

Astelehenean 17:30ean izango da emanaldia –hamabost minutuko iraupena du bakoitzak–, kultura etxean, eta, ondoren, Udalaren webgunean eta Youtubeko kanalean jarriko dituzte.

Aramaioko askotariko ondarea jasotzeko ekimen horren barruan, hurrengo egingo duten lana da Lagun Artean dantza taldearen historia jasoko duena; Mikel Serrato aramaioarrak egingo du: "Eta espero dugu datozen urteetan ere beste lan batzuekin jarraipena izatea ekimen honek, berez materiala badago eta", dio Mondragonek.

Gainerako ekintzak

Bi ikus-entzunezkookin batera, kultura etxean egingo diren beste hainbat ekintza ere sartu dituzte Euskaraldiarekin bat eginez antolatutako egitarauan: domeka honetan Huts Teatroa konpainiaren Hozkailua antzezlana egongo da ikusgai, 19:00etan –sarrera, doan–; eguaztenean, 18:30ean, Mai da bai (eta ezetzik ez dago) dokumentala emango dute –Garabidek ekoiztua, Eider Ballina zuzendarien artean duena–, maputxeen errealitateari buruzkoa; hilaren 30ean, barikua, bikoizketa lehiaketako eszenaratzea izango da, 17:30ean hasita gazteenenak eta 18:30ean 12 urtetik gorakoenak; azkenik, domekan, abenduak 2, herri lasterketa egingo dute, hau plazan hasita, 12:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak