Lehen fase honetan gaur egungo parkeko txikienen gunea eraberrituko dute. Zorua eta jolaserako elementuak kendu eta mailakatutako egurrezko egitura bat jarriko dute; eta, bertan integratuta, kaxa magikoa deitu dutena: "Lurzorua desnibelatuta dago, eta, desnibel hori aprobetxatuta, pentsatu dugu zur teknologiko batekin estaltzea, eta zoru horrek izango ditu koxka edo maila desberdinak; oinez ibili ez baina euren kabuz mugitzen diren umeak eroso ibiltzeko, oinez dabiltzanek gora igo eta salto egiteko, eta zaintza lanetan dabiltzan gurasoak eroso eta goxo jarrita egoteko. Bestetik, kaxa magikoa egongo da askotariko materialez beteta, harri, harea, askotariko kaskarak; zentzumenetarako aberatsa izango da". Horrekin batera, eskolatik beherako txirristaren eskuinaldean, malda horretan gora eta behera ibili ahal izateko sokak jarriko dituzte, eta esperimentaziorako txoko bat –sukalde moduko bat, adibidez– ere proposatu du Pagoagak, azken hori auzolanean egiteko.
Hilabeteotan egindako partehartze prozesuko saioetan 4 eta 12 urte arteko 89 umek hartu dute parte –galdetu zaie parkean zer erabiltzen duten, nola, zer duten gustukoen...–. Horrez gain, hamasei gurasok ere hartu dute parte, eta hamar hezitzailek ere bai, haur eskolakoen eta eskolakoen artean, eta baita jangelako zaintzaileek ere.
Aurten berritzen hasiko direna aipatutako gunea izan arren, parke osorako diseinu proposamena egin du Pagoagak: "Kontuan hartu dugu mugimendu beharrak zeintzuk diren jaiotzatik eta nerabezaro, gaztaro edo helduarora arte, eta parkeko diseinuak erantzuten die horiei modu progresibo baten. Badago katamarrean ibiltzeko espazio bat, oinez ibiltzeko, korrika, salto egiteko, gordetzeko...". Dagokionean erabakiko da, dena den, parkea eraberritzeko hurrengo urratsak zeintzuk izango diren.
Jolas librea, irizpide nagusi
"Ikusi dugu umeek gustuko dituztela parkeko elementu naturalak, zuhaitz, aldapa eta harri-inguru. Pentsatu dugu horiek horrela uztea inportantea dela. Jolas librearen aldeko apustua interesgarriagoa da, jolas konkretuetarako eraikitzen diren egiturak baino"; beraz, jarriko liratekeen elementu berriek irizpide horri erantzungo liokete, Pagoagaren arabera.