Film emanaldietarako elkartea sortu dute

Julen Iriondo 2018ko aza. 9a, 10:31

Ikusiz Gozatu izena jarri diote, eta izaera soziala duten pelikulak emango dituzte; aurretik ere jardun du taldetxo batek horretan, baina aurrerantzean ikus-entzule klub erara funtzionatuko dute –halabeharrez–, eta bazkide egitea beharrezko izango da.

2017an hasi zen lagun taldetxo bat proiekzioak antolatzen; hilean pare bat film eman izan dituzte –doan, eta harrera onarekin–, gai sozialak jasotzen dituztenak, eta musikarekin lotutako zinemaren zikloa eta Lorabarri Astekoak moduko emanaldiak –ekologia ardatz– ere bai.

Zinema zale aramaioarrez osatutako talde honek, baina, elkarte izaera hartu du orain; estatutuak egin eta erregistratu, Ikusiz Gozatu izenarekin. Elkartea erregistratuta, ikus-entzule klub moduko bat sortu dute, eta emanaldietara joateko bazkide izan beharko da; 10 euro izango dira urtean, 18 urtetik gorakoentzako. Emanaldien maiztasuna apur bat handitu eta hilean behin-edo solasaldiak egiteko asmoa dute.

Udalarekin akordioa 

Elkarteko kide Alberto Onaindiaren arabera, orain egin nahi duten bestea da Udalarekin akordioa: "Horrekin, Udalak aretoa utziko liguke emanaldietarako, orain arte bezala, eta diru laguntza eman DVDak erosteko; DVD horiek liburutegian geratuko lirateke gero".

Hain justu, liburutegian bertan egongo dira datozen egunetan Ikusiz Gozatu elkarteko bazkide egiteko paperak. Lehen aukera, dena den, bihar –zapatua– bertan izango dute interesdunek; izan ere, elkartea sortu osteko lehen emanaldia egingo dute, Gorbeialdeko Kuadrillako Berdintasun sailarekin eta Aramaioko Itur-Zuri emakume elkartearekin elkarlanean. Fatima izeneko filma emango dute eta, horrekin batera, elkarteari buruzko azalpena ere bai, bertaratzen direnak bazkide egitera animatzearekin batera. 21:00etan izango da, kultura etxean.

Filmari dagokionez –frantziarra da–, arabiar jatorriko musulman etorkina da Fatima, bi alabaren ama: Souad, 15 urteko nerabea, eramaten zaila; eta Nesrine, unibertsitatean hasi den eta mediku izan nahi duen 18 urteko gaztea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak