Bisita gidatu sorta baten aurrenekoa, domekan

Julen Iriondo 2018ko urr. 16a, 17:56

Ezagutu Aramaio izenburupean egingo den irteera Amillena elkarteak eta Udalak prestatutako ikasturte honetarako egitarauaren barruan dago. Natura eta mitologia moduko gaiak ere landuko dituzte, eta haur, heldu zein nagusiengana iritsi nahi dute.

Azkenaldian batzuk badira Aramaion herriko ondarea jaso eta transmititzeko erakunde zein eragileek martxan jarritako ekimenak –Herri Curriculuma eta Antzinako Aramaio, adibidez–, eta ildo berekoa da Amillena elkarteak eta Udalak, elkarlanean, orain antolatutakoa.

Bisita gidatu sorta bat izango da; aurrenekoa, domeka honetan bertan –11:00etan frontoitik irtenda, ordubetekoa, helduentzat–: Ibarran barrena ibilaldia egin eta herriaren historiari eta ondareari buruz jardungo dute: bainuetxea, Bizente Goikoetxea, eliza, udaletxea, SastiÒa eta ekonomatua izango dituzte hizpide. 

Azaroaren 18an izango da hurrengo bisita, natura interpretazioa helburu izango duena –helduentzat, hau ere–. Neguan etena egin, eta familientzako bisita mitologikoa egingo dute martxoan. Natura interpretaziorako irteera izango da berriro, apirilekoa, baina kasu honetan gazteei zuzendua. Betaurreko berdeak izena jarri dioten ekintza egingo dute maiatzean familientzat, eta helduentzako Erdi Arorako bisita izango da ekainekoa, azkena.

Askotariko adinetako herritarrei ez ezik, baina, beste bi kolektibori ere, propio, egin nahi diete eskaintza. Honela, eskolako ikasleentzako eta eguneko zentroko erabiltzaileentzako bisitak ere izango dira. 

"Gure ingurua ezagutzen ez badugu, ez gara errespetatzera iritsiko", dio Libe Ramilak bisiton helburuari buruz galdetuta. Irteeretan izena emateko udaletxera deitu behar da edo aramaio.amillena@gmail.com helbidera idatzi.; 25 pertsonako taldeak izango dira gehienez.

Amillena elkartea

Aramaioko ondare naturalaren, kulturalaren eta historikoaren berri jaso eta hura transmititzeko sortu zen Amillena elkartea duela bost urte; Libe Ramilarekin batera, Ainara Inuntziagak eta Jone Arriolabengoak dihardute ekimenean. Bisita gidatuez gain, bestelakoak ere egingo dituzte: proiekzio bat, esate baterako, eguneko zentroko erabiltzaileentzat, eta Betaurreko berdeak tailerra familientzat: "Maskara berde batzuk egingo ditugu, haiekin begiratzeko gero errealitateari, kontsumo ohiturei; eta horiek aldatzeko moduez jardungo dugu", dio Ramilak; auzo-konposta, ekonomatua eta abar izango dituzte hizpide testuinguru horretan. Tailer hau eskolei eskaintzeko asmoa ere badute, eta, oro har, herriko zein kanpoko jendea erakarri nahi dute saioetara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak