Mintzola Ahozko Lantegiak eta Lanku Kultur Zerbitzuak elkarlanean sortutako ekimena da Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira. Izenak adierazten duen moduan, bertsolaritzarekin batera, munduko beste kultur adierazpide batzuk taularatzen ari dira ekimenarekin: Kubakoa eta Argentinakoa.
Martitzenean abiatu zuten eta domeka bitartean sei saio egingo dituzte. Iruñean, eta Erandion eskaini ondoren, gaur, eguena, Hernanin izango dira, bihar Gasteizen, zapatuan Baionan eta domekan egingo dute azkena, Donostiako Antzoki Zaharrean. Sarrerak aurrez erosteko aukera dago, Mintzola.eus eta Lanku.eus atarietan.
Antzerakoak, baina ezberdinak
Ezagutarazteko, ederra da gauzak partekatzea", dio Mintzolako kide Jon Agirresarobek, eta zera gaineratu du: "Kantu inprobisatuak antzerakoak direla iruditzen zaigun arren, badituzte elkarren artean ezberdintasun handiak. Oinarrian, inprobisatzailearen publikoarekin komunikatzeko nahi bat dago; era berean, metrika eta errima aldetik zailtasuna dute guztiek, baina hortik aurrerako guztia ezberdina da: adibidez, payadoreek eta repentistek musika darabilte eta bertsolariek, ez, errimatzeko moduak ere ezberdinak dira, metrikak eta melodiak ere bai; horregatik, elkarrekin jardutea ez da erraza, baina oso interesgarria iruditzen zaigu, batak bestea elikatzeko oso baliagarria delako. Quialak 57 urte ditu eta erreferente bat da Kuban, 35 urtetik gorako ibilbidea du plazaz plaza; eta kontrapuntua da Argentinako Argüello payadorea: 23 urte ditu eta ibilbide artistiko hasi berria".
Bihar, Gasteizen, Xabi Igoa
Ariketa ezberdinak dauden arren, formatuz ohiko saio bat dela dio te antolatzaileek: "Ordu eta erdiko iraupena du, eta banaka eta elkarrekin inprobisatzen ikusiko ditugu. Bakoitzak bere hizkuntzan abestuko du, eta, elkar ulertzeko, taularen gainean bi itzultzaile daude: Maialen Arzallus eta Irati Majuelo".
Bihar, egubakoitza, Gasteizko Beñat Etxepare antzokian, 19:00etan, Maialen Lujanbio eta Xabi Igoa aramaioarra izango dira euskal ordezkariak.