40 urtez, bakarra eta euskalduna

Julen Iriondo 2018ko urr. 16a, 10:32

Bategite aurreko argazkia, ikastolakoa; ikasleak, Santa Ageda ospatzen.

1971tik bi ikastetxe izan zituen Aramaiok, Ibarrak, zazpi bat urtez, eskola nazional zeritzona eta hamarkada hasiera hartan herri ekimenez sortutako ikastola. 1978an egin zuten bat, eta euskarazkoaren bidetik jarraitu zuen bat egindako eskolak.

1978ko udazkena zen. Aurreko urteetan ez bezala, eskola bakarrarekin zihoan hastera ikasturtea Aramaion. Herritar talde batek bultzatuta hamarkada hasieran sortutako ikastolaren eta eskola nazional zeritzonaren arteko bategitea gauzatua zen. "Ez zen zentzuzkoa Aramaio bezalako herri batean bi eskola lerro izatea", diote Jesus Zabalak –ikastolaren bultzatzaile izandakoa–, Ana Arriolabengoak – ikastolan irakasle ibilitakoa– eta Paulino Ibabek –bategitearen osteko irakaslea–. Zorionez, euskarazko hezkuntzarekin jarraitzeko izan zen bategitea. Horrela sortu zen gaur egungo San Martin eskola, duela 40 urte.

 

Aramaioko eskola gaur egun denaren jatorria herriko pertsona, guraso, euskaltzale haiek 1971n martxan jarritako ikastetxean aurki daiteke. Aurrekoa zen eskola nazionala, baina eskolak bere izan duen eta duen ezaugarri inportanteetako bati, euskarari, erreparatuta aitor dakioke aitzindaritza ikastolari.

Ikastolaren sorrera

Ikastola martxan jarri aurreko urteetan "mugimendu handia" zegoen Aramaion, Ana Arriolabengoak dioenez. Oraindik Franco bizi zela, Aramaioko gazteek hainbat talde eta ekimen sortu zituzten urte haietan, askotariko esparruetakoak, berdin kirol edo kultura, baina denek zuten ezaugarri komun bat: euskara; modu batera edo bestera, bakoitzak bere esparrutik, euskarari bultzada ematea zuten gogoan.

Eta euskararekiko grina hori hezkuntza alorrera ere eraman zuten gazteok. 70eko hamarkada hasterako, Leintz bailaran abian ziren ikastolak. Baziren bi aramaioar Arrasaten irakasle zebiltzanak, Adela Ibabe eta Ana Mari Arana; eta herriko saltsetan sartuta, era berean, Arrasateko esperientziak zeramatzaten Aramaioko lagun artera.

Horrekin batera, aita-amek ere bazuten euskararekiko ardura, eta hori nabari zen guraso elkartean ere. Hor ziharduen Jesus Zabalak, eta hark eta beste batzuek argi ikusten zuten herrian ikastola sortu beharra.

Guraso eta gazte hasi ziren elkartzen euskara ardatz izango zuen ikastetxea jomugan, eta laster hasi ziren haren finantzaziorako lanean: errifak, kontzertuak, enpresa eta erakundeetara diru laguntza eskeak, bazkidetzak…

Baina, horrez gain, garaiko arduradun politikoen begietara ekimena zilegi izan zedin ere egin behar zuten; eta hor garrantzitsua izan zen Jose Markiegi abadea. Bere bedeinkazioa izan zuten ikastolaren bultzatzaileek, eta sinadura eman zuen eskola haiek elizaren babespekoak, katekesi antzerakoak, zirela baieztatuz. "Elizaren kontuak ez zituzten ezbaian jartzen", dio Arriolabengoak.

Hasteko adina diru eta baimenak eskuan, andereñoa baino ez zen falta; eta Ana Arriolabengoa bera izango zen. Ikastola sortzeko mugimendu hartan zebilen, eta, irakaskuntzarako titulurik ez zuen arren, andereñotarako gonbita onartu eta hasi zen ekimen ilusionagarri hartan lan egitearekin batera titulua lortzeko lanean.

1971ko otsailean jarri zuten martxan eskola berria, 3 eta 4 urteko hamabost bat umerekin. Aurreko urteetan hainbatek amestutakoa martxan zen Aramaion. Ilusioa eta herri ekimena bai, baina oinarri sendoagorik ez zuen, ordea, proiektuak, eta laster hasi ziren Arabako Foru Aldundiarekin harremanetan, Julian Untzueta alkate eta Jesus Zabala bera ere Udalean zela, Diputazioa egin zedin ikastolaren kargu. Beste arrazoi bat ere bazen horretarako: 6 urtera arteko eskolaratzea ez zen –da– derrigorrezkoa, baina bai hortik aurrerakoa, eta ikastolaren hasierarekin eskolaratutako ume haiek euskaraz ikasten jarrai ahal zezaten legezko izaera behar zuen ikastetxeak. Aldundian ere pertsona aproposa egokitu, eta Manuel Lejarreta hango buru zela 1973an Diputazioaren esku geratu zen ikastola.

Ikastola, Aldundiarena

1973 eta 1978 artean Arabako Foru Aldundiaren esku egon zen Aramaioko ikastola. Eskola nazionalaren parte bat bezala funtzionatzen zuen, eta derrigorrezko eskolaratze adinetan zeuden umeentzat baldintzak ez ziren, ofizialki behintzat, desberdinak, hizkuntzari zegokionez. Hori ofizialki, ze Aldundiaren menpeko ikastetxearen hizkuntzak euskara izaten jarraitu zuen, ezkutuan izanda ere: horren erakusle, notak, adibidez, espainolez ematen ziren. Edo ikuskatzailearekin gertatzen zena: euskara astean ordu erdiz baino ezin zen eman ofizialki, eta adi egon behar zuten, ikuskatzailea zetorrenean zegokion hizkuntzan aritzea ziurtatzeko.

Hala ere, Ana Arriolabengoari batu zitzaion andereño talde berriak euskal izaeran sakontzen jarraitu zuen –Arriolabengoak urtebetez jarraitu zuen Aramaion irakasle; titulua atera eta herritik kanpo jarraitu zuen gero irakaskuntzan–, eta euskal ohitura zaharrak ekarri zituzten: santa-eskean hasi ziren, esate baterako, eta Olentzerorekin ere bai. Baina eskolak emateko ez zuten euskarazko irakasbaliabide askorik.

Aramaioko bi eskolen arteko bizikidetza sasoiaren azken urteak ziren, bategitearen aurrekoak. Aldundiaren menpeko lerrokoen eta eskola nazionalekoen arteko harremanak onak ziren: jangelan, adibidez, elkarrekin bazkaltzen zuten denek, eta irakasleek ere tratu ona zuten elkarren artean.

Bazetorren bategitea. Ez ziren urte errazak izan aurrekoak. Deigarria, adibidez, ikastolako hasierako hamabost ume haietatik bakarra geratu zela 6 urte betetzean. Aurreko urteetan herriko ikastolaren aldeko hautua egin ostean, guraso gehienek Almenera eraman zituzten umeak derrigorrezko eskolaratze adinera iristean –ikastetxe haren prestigioagatik eta Aramaiokoaren baliabide eskasia eta ziurgabetasunagatik–; atzerakada izan zen ikastolarentzat, baina 1975etik aurrera ikasleria mantentzen eta gehitzen joan zen berriro. Aramaioarrek euskarazko irakaskuntzaren alde egiten zuten; lerro nazionalak ez zuen arrakastarik: "Orduan ikusi zuten politikariek ere bi eskolen arteko bategitearen beharra", dio Jesus Zabalak.

1978a zen. Urte pare bat lehenagotik eskola nazionalean zen Eugenio Arrate irakaslea. Irakasle, eta zuzendari 1977-78 ikasturtetik. Herriko eta eskolako egoeraz jabetua zen, eta euskararen gaiarekin kontzientzia hartu zuen. Berarengandik sortu zen bategitearen ideia: ez zituen bi eskola nahi, ekonomikoki bideragarria ez zelako, batetik, eta Aramaio moduko herri txiki batean euskal eta erdal ikasle arteko bereizketarik ez zuelako nahi, bestetik. Udalean zinegotzi zen orduan Jesus Zabala, eta maiz jarduten zuen gaiaz Arraterekin; Zabalarentzat ere arrazoizkoa zen bategitea.

Erakundeetako ordezkariekin, eskola bietako guraso elkarteekin eta irakasleekin hasi ziren elkarbanatzen buruan zerabiltena; 1978ko uztailean onartu zuten bategitea. Orduko Hezkuntza Saileko ikuskatzaileak, Angela Domaikak, baldintza bat jarri zuen bategiterako: eskolan umea zuen familia bat bera ere ez zen aurka egon behar; egindako batzarretan inor ez zen kontra agertu, baina izan zen batzarretan egon ez zen familiarik, eta banan-banan joan ziren haien onespen bila.

Bategitea eta ondorengo urteak

Duela 40 urte, beraz, 1978-79 ikasturteari, eskola bakar bezala ekin zioten. Izan ziren trantsizio urte batzuk, zeintzuetan gela beretan batera ziren ordura arte euskal lerroan ibilitako ikasleak eta erdal lerroan ibilitakoak: batzuei euskaraz eta besteei gazteleraz irakasten zieten; ikasgai batzuk, gainera, denek jasotzen zituzten, hasieran, erdaraz. “Jesusen [Zabala] seme Josuri matematikak gazteleraz eman nizkion nik 7. eta 8. mailetan”, gogoratzen du 1980tik eskolan irakasle ibilitako Paulino Ibabek. Kontuan izan behar da, gainera, bategite hura hitzezkoa baino ez zela izan, paperetan eskola nazionalari atxikita jarraitzen zuela euskarazkoak; irakasleek ere, batzuek Aldundiaren menpeko izaten jarraitzen zuten, eta besteak Hezkuntza Sailarenak ziren – Jaurlaritzakoak, behin eskuduntza transferitzean–: gogoan du Ibabek eurek, Aldundikoak zirenek, baldintza hobeak zituztela, tartean soldata, eta hala jarraitu zutela hamar bat urtez.

Bategitearen osteko lehen urteak igarota, baina, ur berriek ibaiak bezala hartu zituen euskarak Aramaioko eskolako ikasgelak. Eta gaur arte.

Aldaketak, kanpotik zein barrutik

Eskola irisgarritasun baldintzetara egokitzeko udan egindako arrapalan gora eraikinean sartuta, beste aldaketa batzuk ere badira aurten: 2 urteko gelan bost ikasle besterik ez –denera 115 dira eskolan– eta 3 urtekoarekin elkartu dute, horma botata. Ez da espazio kontua bakarrik, adin askotariko ikasleak batera ikasten jarriko dituen eredu pedagogikoa ezartzeko lanean ari dira, eskolako zuzendari Saioa Uriarteren arabera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak