Auzoaren beraren eta gizarte joeren bilakaeraren ondorio dira Azkoagako hilerrian azken urteetan izandako aldaketak. 2002. urtera arte, auzoko etxe bakoitzak zuen bere eremua hilerrian –28 zatitan banatuta zegoen kanposantua–. Etxeak ugaritu ahala, ordea, sistema hori aldatu egin behar izan zuten: "Bi aukera zeuden, hilerria handitu edo errotazio sistema batekin hasi, eta bigarrenaren alde egin zen", dio gaur egungo auzo alkate Juanito Saizarrek.
Horrela, 2002a ezkero hala funtzionatu dute: auzoan norbait hiltzen den bakoitzean, hustu egiten dute antzinatasun handiena duen hilobia –azken lurperatzea kontuan hartuta–, eta han lurperatzen dute berria.
Aspalditxoan, baina, gorpuak lurperatzeaz gain, erre ere egiten dira. Oraintxe ere baziren hiru pertsonaren errautsak hilerrian lurperatuta, euren senideren bat –ez hil zaharrak haiek ere– hilobiratutako eremua aprobetxatuta.
Errautsendako leku propioa behar zen, ordea; zer egin, bestela, adibidez, errotazioagatik laster hustu beharreko hilobi baten –senidetasunagatik– sartu behar izanez gero hil berri baten errautsak? Edo hilerriko eremua norekin konpartitu eduki ezean? Errotazio sistema horretan, eremu osoa errauts kutxa bakarrarentzat erabiltzea ere ez zen bideragarri jotzen, eta egin dutena izan da hurrengo hustu behar zen eremuan hamabi hobi egin, errautsentzako; uztailean sortu zitzaien beharra, bi pertsona hil eta erraustean. Udalak aginduta, irail hasieran egin zituzten moldaketak, eta egunotan dira senideak errautsak hobiratzekoak.
Kudeaketa, Udalaren esku
Martin Arriolabengoa zinegotziaren arabera, Azkoagan egin dutena beste auzoetara ere eramango dute etorkizunean –beste banakaren batek ere badu errautsentzako lekua–: "Azkoagan eskaera zegoen eta horregatik egin dugu; baina asmoa da auzo guztietarako joatea planifikatzen, auzo alkateekin adostasunez".
Izan ere, gaur egun Udala arduratzen da auzoetako hilerrien kudeaketaz; aurtengo urtera arte –duela hiru urte auzo alkate izendatu zutenetik– Juanito Saizarri egokitu zaio Azkoagakoarena: errotazio sistemaren arabera zein eremu hustu behar zen ebatzi, eta abar; zerrenda eguneratzea ere tokatu zitzaion, aurreko urteetan behar zen bezala egin ez zelako. Orain, ordea, esan bezala, Udalaren ardurapekoak dira halako eginbeharrak.