Berdintasun Plana egiten ari dira Gorbeialdean

Julen Iriondo 2018ko ira. 15a, 11:30

Aurten artekoa da Aramaion 2015ean indarrean jarri zen plana, eta hura eta kuadrillan dauden beste hirurak ebaluatzearekin batera, berria prestatuko dute abendu erdialderako, denentzako berdina. Herritarren parte-hartzea gura dute.

Iraila hastearekin ekin zion Gorbeialdeko Kuadrillak gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna helburu duen plana lantzeari; lehen urratsa izaten ari da gaur egun halakorik eduki baduten lau herrietako planen ebaluazioa egitea, tartean Aramaiokoarena –Legutio, Zigoitia eta Zuia dira besteak–. Horretarako, besteak beste, inkesta bat betetzeko aukera dute herritarrek.

Orain hasita, kuadrillako Berdintasun Planak abenduaren 14rako egon beharko du Emakunderen esku –harekin lankidetzan egingo dute lan; Emakundek emandako diru laguntzarekin ordainduko da kostuaren %75, eta gainerako %25 Arabako Foru Aldundiari eskatu diote–. Red Kuorum enpresaren laguntza izango dute prozesu hau gauzatzeko.

Aramaion 2014an sortu zuten Berdintasun Plana, eta 2015ean sartu zen indarrean. Lau urterako iraupena izan ohi dute planok, eta, ondorioz, Aramaiokoari aurten dagokio berritzea; horregatik, herriko lehen planaren ebaluazioa egingo dute, eta berria sortu, herrirako eta kuadrilla osorako izango dena, kasu honetan. Honela, orain arte halakorik izan ez duten Arratzua-Ubarrundiak eta Urkabustaizek ere izango dute aurrerantzean.

Plan berria eginda, berdintasunaren esparruan "azken urteetan sortutako baliabide berriak" ere hartuko dituzte aintzat, eta hurrengo lau urteetarako kuadrillako sei herrien "ekintza bateratua" bilatuko dute, Gorbeialdeko Berdintasun teknikari Araitz Palaciosen esanetan, "Kuadrillako eta lurralde historikoko errealitate berriei erantzungo dien ikuspegi estrategiko batekin".

Horretarako, orain artekoaren ebaluazioa da, esan bezala, lehen egitekoa; eta prozesu parte-hartzaile baten bitartez egin nahi dute. Sare sozialetan eta udal webguneetan gai honekin lotutako informazioetan inkesta bat betetzeko aukera egongo da: "Gizarteak eta, zehazki, Gorbeialdeko emakumeok erabaki dezagun zer nahi dugun, nola nahi dugun eta ze aukera eta traba ikusten ditugun benetako berdintasuna lortzera bidean", azaldu dute zerbitzutik.

Aramaioko plana

Aramaioko orain arteko planak lau esku-hartze lerro zituen: berdintasunaren aldeko gobernantza; emakumeen ahalduntzea eta balioen aldaketa; gizarte antolakuntza erantzunkidea; eta emakumeen aurkako indarkeria desagerraraztea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak