Eraso sexisten aurreko protokoloa, Aramaioko San Martin jaietarako

Julen Iriondo 2018ko eka. 29a, 10:34

Eguzkierripa Rock jaialdiko kontzertu bat, maiatzean.

Beste herri batzuetako ereduari jarraiki, Aramaiorako ere jarraibideak zehaztu ditu herriko talde feministak. Eguzkierripa Rockerako prestatu zuten protokoloa egokitu dute; herritarrentzako oharrak dira, eta taldekideek egin beharrekoa ere zehaztu dute.

Gaur hasiko diren jaietan eraso sexistarik gertatuko balitz ere, horiei aurre egiteko protokoloa prestatu du herriko talde feministak. Besteak beste, telefono zenbaki bat egongo da erasoen berri emateko.

Protokoloak askotariko kasuistikak hartzen ditu aintzat: eraso baten lekuko izatea; erasotuak berak erasoa salatzea; eta erasoa, gainera, larria izatea.

Edozein herritarri eskatzen zaio eraso bat ikusiz gero erasotuarengana jotzea eta laguntza eskaintzea. Erasotuak ez badu lagundua izan nahi, lekukoa ez dadila tematu, hori ere jasotzen dute jarraibideetan.

Erasotuak erasoaren berri ematen duen kasuetarako, erasoaren berri jasotzen duenak egin beharrekoa da egiten ari dena egiteari utzi eta salaketa jaso, protokoloaren arabera; horri emango zaio lehentasun osoa. Herritar horrek erasoa identifikatuko luke: erasotuari arreta handiz entzun, erasoaren nolakotasuna zehaztasunez jaso eta, inolaz ere, zalantzan jarri.

Talde feministaren telefonora deitu eta arduradunari erasoaren berri ematea izango litzateke hurrengo urratsa: 649 99 57 51 da zenbakia. Horrekin batera, egin beharreko bestea litzateke erasotzaileari gune hartatik alde egiteko eskatzea.

Erasoa larria den kasuetan, baina, aldatu egiten dira egin beharreko urratsak. Larrialdietara deitu behar da –112ra–; erasotuari, ez garbitzeko eta arropaz ez aldatzeko aholkatu; emozionalki babes osoa eskaini; erasoak artatzeko telefono zenbakira deitu –lehengo bera–; erasotua ospitalera lagundu, beharrezkoa bada; eta salaketa aukerak aipatu eta lagundu, hau ere beharrezkoa bada.

Aurreko horiek herritar orori begira; talde feministara zuzenduta, berriz, ondorengo eginbeharrak zehaztu dituzte: egunero aurreko egunean jasotako erasoen balantzea egin eta Whatsapp taldean elkarbanatu; taldeko kideak bildu eta erasoari eman beharreko erantzuna erabaki –jai guneak ixtea, musika kentzea une batez...–; hurrengo egunetara begira, berriz, bilkurak, kartelak edo hedabideetarako oharrak prestatzea. Protokoloa jasotzen duten kartelak herrian zehar banatuko dituzte.

Herriko talde feminista

Martxoaren 8aren bueltan sortu, egun horretarako ekintzak antolatu, eta jaietakoaren antzerako protokoloa prestatu zuten gero Eguzkierriparako. Protokoloa erabili egin zen, gainera. Talde feministak aurrerago egingo du jendaurreko aurkezpena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak