Egubagoitzean, 19:00etan, hasiko dituzte Aramaioko San Martin jaiak, eta, hain zuzen, ordu horretan txupinazoa eta pregoia botako dute. Horrekin batera, Aramaioko lehen euskal eskola sortzeko lanetan ibili zirenak omenduko dituzte. Omenaldi horretan, pertsona hauek aipatuko dituzte, bereziki: Ana Arriolabengoa, Jesus Zabala, Mirari Arana, Benito Altuna eta zendutako Alatz Arana eta Adela Ibabe
Omenaldia jasoko duten pertsona horiez gain, beste laguntzaile asko izan ziren; esate baterako, Jose Markiegi parrokoa eta Patxi Uribarren; hala, hark eta garai hartako guraso eta ikasle guztiek ere jasoko dute aitortza.
Eskola eta euskara
60ko hamarkadaren bukaeran, gazte mugimendu garrantzitsua zegoen Aramaion. Orduan, Francoren agindupean zeuden, eta euskal gazteriak bazeukan errebindikazio komun bat: euskara. Hain zuzen, gazte aramaioarren mugimendu indartsuari esker, hainbat talde eta elkarte sortu ziren.
Euskaltzaleen grina euskara izanik, euskara mantentzeko ezinbestekoa zen ondorengoei transmititzea, eta eskola zen eta da tresna egokiena lan hori egiteko.
Omenaldia amaitzean, bisita sorpresa izango dutela adierazi du Cristina Etxenausiak, Aramaioko Udaleko Kultura zinegotziak: "Aurten pertsona berezi bat gonbidatu dugu jaiak gurekin pasatzera, baina ez dugu gehiagorik aurreratuko…".
Hamaikakoaren aurkezpena
Jaien hasierarekin batera, Euskaraldiko Aramaioko hamaikakoa aurkeztuko dute, Txirritola euskara elkarteak gidatuta. Herriko plazan, 19:00etan, txupinazoaren aurretik.
Herritar guztien ordezkariak izango dira hamaikakoa osatuko duten pertsonak, eta, horregatik, pertsona horiek aukeratzeko orduan kontuan hartu dute gizonezkoak eta emakumezkoak aukeratzea; auzotarrak zein kaletarrak; helduak zein gazteak. Gainera, Euskaraldian parte hartzeko modua kontuan hartuta, ahobizi edo belarriprest izango direnak ere hautatu dituzte.
Argazkian daudenak:
Goian, ezkerretik hasita: Idoia Arias, Maitane Mate, Aitor Arana, Aitor Aresti, Abel Abarrategi, Enrike Altuna, Arantza Mondragon, Ama M. Arriolabengoa, Eva Ortuzar, Iratxe Elejalde, Rosa Mondragon eta Izaskun Elejalde.
Behean, ezkerretik hasita: Judith Arriolabengoa, Izaskun Lopez de Bergara, Jon Kortabarria, Karmelo Kortabarria, Maxi Montero, Mikel Jauregi eta Josu Zabala.