Jaietan aurkeztu nahi dute herriko hamaikakoa

Julen Iriondo 2018ko eka. 19a, 10:41

Txupina euskararekin lotutako pertsonek botako dutela aprobetxatuko lukete Euskaraldiak herrian izango dituen enbaxadoreak aurkezteko. Ekimena herrira zabaltzeko, sare sozialetan partekatzeko aurkezpen bat ere prest dute dagoeneko.

Euskaraldirako lantaldeak eguaztenean egindako bileran osatu zuten Aramaioko hamaikakoa izan daitekeenerako zerrenda. Ahobizi eta belarriprest, askotariko ezaugarridun bizilagunekin, herria ahalik eta modu zabalenean ordezka dezaketen pertsonak aukeratzen saiatu ziren; eta tartean dira, esan bezala, ohiko eta betiko euskal hiztunak, eta baita saiatzen direnak edo hizkuntzarekin jarrera baikorra dutenak, jatorriz atzerrikoak diren aramaioarrak edo euskara ikasten ari direnak, esaterako. Hamaikakoa zehazteko, zerrendatutako pertsonen onespena faltako litzateke orain.

Behin betiko hamaikakoa ixteak ezingo du luze jo, bileran elkartutakoek egoki iritzi zioteneta hamaikakoaren jendaurreko aurkezpena jaien hasierarekin egiteari, aurten txupina euskararekin lotutako pertsonek bota behar dutela aprobetxatuz, gainera, ekainaren 29an.

Horiek eta beste zenbait kontu zehaztu zituzten Euskaraldirako lantaldekoek: prest dute Euskaraldia iragartzeko kartela, Aramaixon euskeraz bizi gure dou leloarekin; prest, baita ere, ekimenaren aurkezpen bat, Whatsapp bidez herritarren artean zabaltzeko; eta asmoen artean, azaro amaieran eta abendu hasieran hamaika egunez euskaraz bizitzeko erronkarako girotzen joateko zenbait ekintza, euskal kantu jaialdi bat, kopla txapelketa edo bikoizketa lehiaketa, esaterako, oraindik zehazteke.

Herriek Euskaraldian izena eman eta gero, irailean izango da pertsonen txanda. Ekimenean apuntatzen diren lagunek, izan ahobizi edo belarriprest, formakuntza txiki bat jasoko dute, euren rolean ahal bezain egoki jarduteko zenbait irizpiderekin. Lantaldeko kideek izango dute formakuntza horren ardura, eta, horretarako, eurek jasoko dute aurrena; Gorbeialde osoan Unai Vianak izango du formatzaile guztiak prestatzeko ardura. Azkenik, eta merchandising-ari dagokionez, bileran iragarri zuten etxe atarietarako lanpasak –felpudoak– erosteko aukera egongo dela, eta baita oihalezko poltsak ere.

Gorbeialderako bloga

Bestalde, Gorbeialdean Euskaraldiaren berri emateko, bloga jarri dute martxan: Gorbeialdea. euskaraldia.eus. Kuadrillako sei udalerrietan sortu dira batzordeak, eta elkarren artean harremanetan daude, baita Araba mailakoarekin ere. Edozein zalantza, galdera edo proposamenetarako, euskara@gorbeialdea.eus helbide elektronikoa erabil daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak