Harrera ona parkeko parte-hartze prozesuari

Julen Iriondo 2018ko eka. 18a, 10:31

Umeekin parkea erabiltzen duten gurasoekin egindako bileran lagun kopuru polita elkartu zen. Aterpe baten premia dagoela nabarmendu zuten askok. Aurretik, neska-mutikoen eta eskolako irakasle zein jantokiko langileen iritziak jaso dituzte.

Martxan da Bañera parkea eraberritzeko parte-hartze prozesua. Aramaioko Udalak Hiritikat eta Olgeta enpresak kontratatu ditu prozesu hori aurrera eramateko –5.203 euroko kostuarekin–, eta horietako kideek bilerak egingo dituzte parkearen erabiltzaile diren eta izan ahalko liratekeen herritarrekin. Izan ere, proiektu integral bat landu nahi dute, ez bakarrik umeei bideratua, baizik eta askotariko herritarrei.

Horrela, eskolako ikasle, irakasle eta jantokiko langileekin egindako bileren ostean, umeekin batera parkea erabiltzen duten edo erabiliko luketen gurasoen txanda izan zen. Piztu zuen interesa deialdiak, eta bietakoak elkartu ziren, gainera: parkean ibili ohi diren gurasoak gehienak, baina baita gaur egun erabili ez –euren familiaren errealitate eta beharretara egokitzen ez delako– baina bestelako espazio bat gustura hartuko luketenak ere.

Bileran bildutakoei eskatu zieten gauzetako bat izan zen parkerako proposamenak egitea, euren beharren araberako proposamenak, ez umeen ikuspegitik egindakoak. Horrela, aterpe baten beharra izan zen gehien errepikatu zena; izan ere, eguraldiak eragin handia du parkearen erabileran: euriak, batetik, baina baita eguzkiak eta hotzak ere, udan oso inguru beroa eta neguan oso hotza delako hura. Egindako beste proposamen batzuk izan ziren umeen zaintzan dauden bitartean eroso eta goxo egoteko lekua –gaur egun, mahaiak jolaslekutik urrun daudela eta jolasleku ondoko harrizko jarlekua egokia ez dela adierazi zuten, adibidez– eta umeak parkean ari diren bitartean gurasoek ere ariketa egiteko baliabideak; rokodromo bat edo eliptikak, adibidez.

Parkerako bi asmo

Inguru hartan ur parkea egingo dute, batetik –martitzenean argitaratu zen lizitazioa–; eta Udalaren beste asmoa da gaur egun jolas parkea dagoen inguru hori berrantolatzea, parte-hartze prozesuarekin herritarren iritziak jakin eta gero. Espazioen antolaketa eta diseinuaz arduratzen den Hiritikat enpresako Ibai Esteibarlanda arkitektoaren arabera, nahi dutena da askotariko herritarren harremanerako izan ahalko den gunea; Olgeta enpresako Itsaso Pagoagaren funtzioa, berriz, parkeak –kasu honetan bai, umeentzako– izan ditzakeen espazio eta elementuen ezaugarri pedagogiko egokienak hautematea da.

Abuzturako diseinu proposamena egin eta urtea amaitzerako parkea egitea da asmoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak