Espainiako bandera jarri dute Aramaioko udaletxean, epaitegiak aginduta

Julen Iriondo 2018ko eka. 13a, 23:45
Espainiako bandera Aramaioko udaletxeko balkoian.

Aramaioko bizilagunen naziotasunak ordezkatuz hainbat bandera zeuden udaletxean; astelehenetik Espainiakoa bakarrik dago. Espainiako Gobernuaren errekerimenduaren ondorio da, Espainiako banderak "ohorezko lekuan" egon behar duela-eta. "Espainiartasuna inposatzeko" erabakiaren aurrean, aramaioarrena ikurrina dela aldarrikatu du Lierni Altuna alkateak.

Alkatearen adierazpen osoa:

"Gobernu espainiarrak sinboloen gerrarekin jarraitzen du eta berriro ere Aramaioko Udalera epaitegiaren bidez heldu da errekerimendu bat. 2012an, abokatuekin hainbat errekurtso jarri ostean, heldu zen errekerimendu definitiboa Espainiako bandera udaletxeko balkoian jartzeko, Konstituzioak hala dioelako.

Horren aurrean, Udalak hausnarketa bat egin zuen, urte luzez ez zen ordura arte ez bandera ezta ikurrina ere balkoian egon, baina bandera espainiarra gutxienez jarri behar zela inposatu zuten. Epaitegiak bidali zuen arren, eskaera Gobernu espainiarraren EAEko ordezkaritzatik egin zen.

Aramaion nazio ezberdinetako jendea dago, gehienok euskaldunak garen arren. Espainiako nazioa ordezkatzen duen bandera derrigortuta jarri behar baldin bazuen Udalak, gainontzeko nazioak ere kontuan hartu behar zirela ikusi zen. Azken finean, Aramaion nazio ezberdinekin identifikatzen diren jendea badago, guztiak hartu beharko dira kontuan, espainiarrak zein Cabo Verdekoak.

Beraz, lan bat egin zen eta bilera batzuk aramaioarren nazio ezberdinak zerrendatu eta denak udaletxeko balkoiko banderetan identifikatuak sentitzeko. Eta horretaz aparte, Euskal Herriko herri bat garenez eta gehiengoa euskal naziotasunarekin identifikatzen denez udalerri honetan, horren sinboloa, ikurrina, herriko plazaren erdian, propio jartzea erabaki zen, berari omenaldi bat eginez.

Sei urte inguru pasa dira ordutik, eta oraingoan berriro ere, Gobernu espainiarrak epaitegien bidez errekerimendua bidali digu, esanez bandera, orain arte zegoen bezala aramaioarren beste nazioetako banderekin batera, ez dagoela ohorezko leku batean, ez dela ikusten,…

Ekainaren 11n amaitu zen epea epaia betetzeko, eta Udalak jarri egin zuen inposatu dioten bandera. Urte hauetan Udalak dirua utzi du errekurtsoetan eta espainiar legeak, Konstituzioan oinarrituta, ez du beste biderik ematen. Hemen zein Euskal Herriko edo Kataluniako hainbat udaletan espainiartasuna  inposatzeko sinboloen gerra hau beste era batean borrokatu beharko dugu edo agian denok elkartu beharko gara guztion artean inposaketei aurre egiteko.

Behin hau esanda, guk argi dugu gure bandera zein den, ikurrina, eta horregatik herriko plazan handi jarraituko du, gu ordezkatzen, inposaketa guztien gainetik.

Horrelako inposaketekin ez baita herri bat errespetatzen, baizik eta herri hori estatuko nazionalismoak asimilatzen ahalegintzen da azken mende asko hauetan bezala, bertako identitatea, zein hizkuntza, zein kultura, zein ohiturak, zein nahiak,… kontuan hartu gabe.

Guk garbi dugu, inposaketa guztien gainetik, gurea ikurrina da!"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak