'Antzinako Aramaio' egitasmoa hasteko, lihoa eta txarribodak

Julen Iriondo 2018ko eka. 4a, 11:21
Argazkia: Bernat Alberdi

Lihoaren prozesuaren eta txarriboda errituaren ingurukoak jasotzeko egitasmoa jarri du martxan Udalak. Haien ezaugarriak, haiekin lotutako ohiturak, argazki zaharrak, testigantzak... jaso nahi dituzte, eta herritarren kolaborazioa eskatu dute horretarako.

Aramaioko Udalak aspalditik du herriko kultura, tradizioa, euskara, azken finean, ondarea jasotzeko kezka, eta, horren harira hainbat lan egin izan ditu aurretik ere, Rosa Mondragonek dioenez: "Adibidez, herriko joko eta jolasen bilduma, kondaira eta abestien bilduma… Eta, bide beretik, bideoz grabatutako irudi batzuk errekuperatu genituen iaz Museo Etnografikotik, eta filmategian digitalizatu".

Irudi horiek ikusten hasita ohartu ziren "oso ondo" identifika zitezkeela bi jarduera horiek, lihoarena eta txarriboda: "Horregatik, erabaki genuen bi horien inguruan lanketa berezia egitea". Eta Antzinako Aramaio ekimenaren barruan, gai horiek izango dira aurrena jorratuko dituztenak. Egingo dutena izango da herritarrak identifikatu informazioa jasotzeko, haiei elkarrizketak egin, eta horrekin eta irudi zaharrekin dokumental bat landu.

Egitasmoaren garrantzia nabarmentzen du Lierni Altuna alkateak ere: "Pilatu ditugun eta agertu den materialari forma eman eta kaleratzea erabaki dugu, materiala historia eta kulturaz jantziz edo alderantziz, garrantzitsua delako nondik gatozen jakitea, gure gaur egungo kultura nondik datorren ikastea, zer garen jakiteko".

Aramaioko Udalak "bertako nortasunaz, kulturaz eta historiaz jantzi" nahi ditu aramaioarrak proiektu honen bitartez; baina euren parte-hartze zuzenarekin, gainera: "Herritarrak garelako herriaren ohiturak, kultura, historia, egunerokoa… denon artean osatzen joaten garenak".

Oso ohiko jardunak

"Baserriko lanetan beste lan bat gehiago zen lihoarena garai batean; gainera, auzotarrak elkartu egiten ziren baserriko lanak elkarrekin egiteko: lihoa landu, jaso, lehortzen utzi, orraztu… eta behin lihoa jaso eta gero, oihalak egiteko erabiltzen zen, eta beste kasu batzuetan saldu ere egiten zen", dio Rosa Mondragonek. Txarribodaren kasuan, oraindik ere mantentzen da ohitura hori baserri askotan.

Dokumentala eginda, ezagutzera emango dute herrian, "eskolan, kultura etxean, webgunean…" erakutsiko dute. Antzinako Aramaio egitasmoaren barruan, aurtengo lanetarako 4.000 euro daude aurrekontuan, eta horietako batzuk izango dira lihoaren eta txarribodaren proiekturako, beste gai batzuk ere ukituko dituzte eta. Lihoaren eta txarribodaren ingurukorik izanez gero, Udalarekin harremanetan jartzeko eskatu diete herritarrei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak