Irakurzaletasuna sustatu nahian, ekimena abian Aramaion

Julen Iriondo 2018ko mai. 25a, 15:41

Maiatz erdi aldetik dago martxan Begixekin leiru, bihotzaz gozatu izeneko ekimena. Liburutegitik euskarazko lan bat hartu eta itzultzerakoan fitxa bat betetzea da kontua, eta materialetan gastatzeko bonuen zozketan sartzea horrela; ekain erdira arte da.

Bigarren urtea da aurten Txirritola Euskara Elkarteak euskarazko irakurzaletasuna sustatzeko kanpaina martxan jarri duena. Iaz herritarren partetik jasotako erantzun onaren ostean, aurten berriz ere antolatzea erabaki dute.

Begixekin leiru, bihotzaz gozatu ekimenak bazuen aurrekari bat lehenago ere, helburu bera duen Topagunearen kanpaina. Baina hura Aramaio moduko herri txiki batera ondo egokitzen ez zela-eta, Txirritolak erabaki zuen berea jartzea martxan.

Lehenengo edizioan 45 lagun inguruk hartu zuten parte kanpainan, "kopuru polita", euskara elkarteko Aizpea Ajuriagerraren arabera: "Gehienak umeak izan ziren, eta, egia da, nagusiak gutxiago".

Ekimenaren funtzionamendua ondorengoa da: irakurleak euskarazko lan bat hartu behar du liburutegitik, eta itzultzerakoan fitxa bat bete; bertan, liburuaren gaineko zenbait galdera erantzun behar dira –galdera pare bat erantzun eta marrazki bat egin 10 urte arteko umeen kasuan, eta galdera gehiago nagusiek–. Parte-hartzaile denen artean Elkar denda batean gastatzeko 30 euroko hiru bonu zozketatuko dituzte.

Maiatzaren 16an hasi zuen kanpaina Txirritolak, eta horretarako, gainera, bi gonbidatu berezi ekarri zituen herrira. Ainhoa Agirreazaldegi eta Uxue Alberdirekin literatur solasaldia egin zuten parkean, bigarrenaren lan berriena, Jenisjoplin, aitzakia hartuta. Agirreazaldegik gidatuta, liburuaren gaineko azalpenak eman zituen Alberdik, zenbait pasarte irakurri eta sortze prozesuaren gaineko zenbait xehetasun partekatzearekin batera. Jendea oso gustura geratu zen saioarekin.

Solasaldiarekin martxan jarritako ekimena ekainaren 15era arte egongo da martxan, euskarazko irakurzaletasuna eta literatura sustatzearekin batera, euskaraz irakurriko duten irakurle gazte eta heldu berriak erakartzea eta ohiko irakurle euskaldunak saritzea helburu hartuta.

Aukera zabala

Herriko liburutegiko liburuzain Olga Jauregiren arabera, euskarazko liburuak irakurtzeko umetako joera galtzen joaten da urteak pasa ahala, eta helduek gehiago irakurtzen dute gazteleraz. Jauregik animatzen ditu herritarrak "esfortzu txiki bat" egin eta euskaraz irakurtzera: "Helduentzako euskarazko nobedadeak ekartzen ditugu, eta bertan egon ezean egoten da eskatzeko aukera ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak