Bertsoa Bizi Gazte Eguna ospatuko dute bihar, zapatua, Legution, eta eguneko egitarauaren barruan da Arabako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala ere. 10:30ean hasiko dute eguna, kultura etxean, eta bideoklip lehiaketara aurkeztu diren lanen proiekzioa egingo dute aurrena. Ondoren, eta hamaiketakoaren ostean, 12:00etan hasiko da bat-bateko finala.
Finalean, Abarrategi, Ugarte eta Arrizubietarekin batera, Mikel Martinek, Beñat Canok eta Peru Amorrortuk kantatuko dute. Abarrategik eta Ugartek Arrizubieta ikusten dute aurtengoa ere irabazteko faborito nagusi: "Oso ausarta da, eta publikoarekin konektatzeko gaitasuna dauka", dio Ugartek; "Ni, adibidez, batzuetan, urduritasunarekin kikildu egiten naiz oholtzan; hark erraztasuna du bertsotarako", Abarrategik.
Dena dela, Aramaioko ordezkariak lan txukuna egiteko asmotan doaz finalera; dakitena eginda gustura geratuko lirateke, nahiz eta beste inor hobeto aritu; Aitor Ugartek bigarren egin zuen iaz, bere lehen partehartzean –Abarrategik hirugarrena du–: "Kantatutakoarekin, neure buruarekin gustura geratzea da garrantzitsuena niretzat, postua baino gehiago; eta saio polita egitea denon artean".
Ugartek aitortzen du, hala ere, iaz esperientzia ederra izan zela Euskal Herriko Eskolarteko finalean kantatzea –lehen biak sailkatzen dira–: "Iaz Euskal Herrikoan kantatu eta gero, autoan bueltan gentozela esan nion amari: 'Aurten lan pila bat egin behar dut, berriz ere Euskal Herrikoan egoteko'. Ze, hainbeste gozatu nuen egun horretan! Baina, bueno, orain ez dut hain argi ikusten [Barre]".
Finaleko lanen artean bada bat errespetu berezia eragiten diena, bakarkakoa gaia emanda: "Orain arte bertso bakarra izaten zen, baina aurten bi izango dira, eta ez gaude ohituta. Bi bertso izatera, pentsatu behar duzu zer bota behar duzun lehenengoan eta zer gorde bigarrenerako", dio Abarrategik.
Finalaren ostean, herri bazkaria egingo dute plazan, eta 16:00etan sari banaketa eta amaiera jaia.
Gorbeialdeko topaketa
Gaur, berriz, Gorbeialdeko bertso eskolen topaketa –14 urtetik beherako bertsolariak– izango da Aramaion, kultura etxean. Dozena erdi bat bertso eskolatako 100 lagun inguru elkartuko dira, bat-batean zein aurrez prestatutako bertsoekin jarduteko. 17:30ean merienda izango dute, eta 18:00etan emanaldia.