Hilerrietako hezurrak ez dira aurrerantzean hezurtegietan pilatuko

Julen Iriondo 2018ko mai. 4a, 15:02
Astean Etxaguenen egindako bilera.

Horren berri, besteak beste, ematen ari da Udal Gobernua auzoetan egiten ari den bileretan. Horrez gain, beste gai batzuk ere badarabiltzate bilerotan: konposterako aukerak, eraikinen azterketa teknikoa eta bideen inbentarioaren bigarren fasea.

Aurreko astean beste hainbat auzotan bezala, oraingoan Etxaguenen egin dute bilera auzotarrekin Udal Gobernuko ordezkariek. Informazioa eman eta jasotzeko bilerak izaten ari dira. Informazioa ematekoak, hiru gairen bueltan: 50 urtetik gora dituzten eraikinen azterketa teknikoa; etxeko konposta egiteko aukerak; eta hilerriena.

Hilerriei dagokienez, osasun arloko betebehar berriek eraginda aldaketak izango dira auzoetan. Elizateei dagozkien hilerrietan orain arte bertan kudeatzen zituzten hezurrak eta: gorpuak hilobiratzetik denbora bat pasata, hezurtegian biltzen zituzten hezurrak. Aurrerantzean, ordea, ezingo da halakorik egin, eta derrigorra izango da hezurrak erretzea.

Udalak hartuko du bere gain horren ardura, familiak errauts haiek beretzat nahi ezean, behintzat. Horrela balitz, familiaren kontu izango litzateke gastua.

Gorpu edo hezurrak erre egiten diren kasuetarako, gainera, hilerrietan haiek gordetzeko guneak atontzeko asmoa du Udalak, kontuan hartuta gero eta gehiago direla, lurperatu beharrean, hori egitea erabakitzen dutenak. Hauek horrela, udal ordenantza egokitu egingo dute errealitate berrira.

Bileretan jorratzen ari diren beste gai bat da eraikinen azterketa teknikoarena. 50 urtetik gorako eraikinek egin behar dute –ez bada egiturako obraren bat eginda dutela eta ez dela ordutik mende erdi pasa–, eta Udala laster hasiko da dagokien etxeetara gutunak bidaltzen; izan ere, Jaurlaritzak ezarritako betebeharra da, baina udalen esku utzi ditu zenbait lan. Zentzu horretan, Lierni Altuna alkateak zioen Jaurlaritzatik bidalitako datu baseak akats ugari dituela, eta azterketa egin behar duten etxeen zerrenda egokitzen ari direla. Auzotarrak, bestalde, kezka agertzen ari dira, hainbatek susmoa duelako, adibidez, dirua ateratzeko baino ez ote den Jaurlaritzak ezarritako betebehar hau.

Bestetik, eta auzoetako bizilagun askok eta askok konposta euren kabuz eta etxean egiten duten arren, horretarako baliabideak –konpost-gailua, aireztatzaileak...– eta informazioa Udalaren bidez ere lor ditzaketela gogorarazten ari dira bilerotan.

Bideen inbentarioa

Informazioa jasotzeari dagokionez, Udal Gobernua bideen ingurukoak kontrastatzen ari da auzoetan, publikoak zeintzuk diren zehazteko. Datozen asteetan egingo dituzte halako bilera gehiago, falta diren auzoetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak